Atzealdea Gipuzkoako gazteentzako LUMAfest! jaialdiak mikrokontakizunen lehiaketa abiarazi du

14 eta 21 urte bitarteko gazteek beren lanak aurkez ditzakete martxoaren 17ra arte. Horietan etorkizunari buruzko gogoeta egin beharko dute idazketa sortzailearen bidez.

2026/02/03



Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak gazte-literaturaren eta gazte-sorkuntzaren LUMAfest! jaialdiaren 4.edizioa antolatu du. Aurten, apirilaren 16, 17 eta 18an egingo da. Aurreko edizioetan bezala, jaialdiaren baitan, martxan jarri da Mikrokontakizunen lehiaketa eta parte hartzeko epea martxoaren 17ra arte dago zabalik.

Gazteen sormen literarioa sustatzeko lehiaketa

Kontakizun laburren lehiaketaren helburua da Gipuzkoako gazteek literatur jardueretan parte har dezaten sustatzea eta idazketa sortzailearekiko interesa piztea. Estatuan erroldatuta dauden 14 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago lehiaketa, eta argitaratu gabeko 240 karaktereko mikrokontakizunak aurkeztu ahal izango dituzte. Testuek "etorkizuna(k)"/“futuro(s)” hitza izan beharko dute, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz idatzi ahal izango dira.

Mikrokontakizunak Instagram edo X-eko argitalpenen bidez aurkeztu ahal izango dira, #lumafestibalamikros traola erabiliz eta jaialdiaren kontu ofiziala aipatuz, edo info@lumafestibala.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.

Aukera-berdintasuna bermatze aldera, lehiaketak bi adin-tarte ezartzen ditu: 14-17 urte eta 18-21 urte. Guztira lau sari banatuko dira, bat adin-tarte eta hizkuntza bakoitzeko. Saridun bakoitzak 180 euroko bonua jasoko du Gipuzkoako liburu-dendetan liburuak erosteko, establezimendu fisikoetan zein antolatzaileek zehaztuko dituzten online denda batzuetan.

Finalisten eta irabazleen aukeraketa jaialdiaren antolakuntzak egingo du, egile gonbidatuekin batera. Sarituak LUMAfest! jaialdiaren baitan ezagutaraziko dira, eta antolatzaileak modu pribatuan jarriko dira irabazleekin harremanetan, kontakizun laburra aurkezteko erabiltzen den kanalaren bidez.

Hautatutako testuak jaialdiko sare sozialen bidez zabalduko dira, eta soilik LUMAfest! sustatzeko erabili ahal izango dira. Lehiaketan parte hartzeak jaialdiaren kanal ofizialetan osorik kontsultatzeko eskuragarri dauden oinarriak osorik onartzea dakar.

 

Lehiaketaren oinarriak

LUMAfest!-en webgunea

 

 

Jarraitu gure sareak