- gipuzkoa
- Gazteria
- Aktualitatea
- Berriak
- Loveori elkarrizketa: 6 eta 18 urte bitarteko hezkuntza sexuala lantzen duen proiektua
Atzealdea Loveori elkarrizketa: 6 eta 18 urte bitarteko hezkuntza sexuala lantzen duen proiektua
2026/02/18
LOVEO proiektuak lortu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak ematen duen laguntza, beste 5 proiekturekin batera. Egitasmoa azken hilabeteetan gauzatu da eta familientzako edukiak sortzea eta digitalizatzea izan du helburu.
Hautatutako proiektu guztiek gazteentzako Gaztegune+ zerbitzuaren laguntza teknikoa ere jasotzen dute, hasiera batean ideia dena proiektu bihurtzeko; eta horretarako, lan-jardunaldiak eta jarraipen-tutoretzak jartzen dira gazteen eskura.
2025ean hautatuetako bat da Loveo, haur eta nerabeei sexualitateari buruzko erabaki informatuak eta ezagutzan oinarrituak hartzeko ahalbideak ematea helburu duen ekimena. Gazteak Auzolaneanen laguntzari esker, familiekin sexu-hezkuntza lantzeko metodologia digitalizatuko dute; halaber, materialen funtzionamendua azaltzeko tailerrak egitea aurreikusten dute.
Loveoko partaide Paula eta Marinrekin bildu gara proiektuari buruz aritzeko.
Zer da “LOVEO” proiektua? Nola sortu zen?
Loveo sexu-heziketako akademia bat da. Kuriositateak eta bizipen pertsonalek eraman gintuzten sexualitatea deskubritzera. Hasieratik identifikatu genuen txikitatik jasotako heziketa oso eskasa izan zela, eta, batez ere, gure errealitatean erabiltzeko baliabiderik ez genuela.
Zertan datza zehazki proiektua eta norentzat da? Zer landu nahi zenuten proiektuaren bitartez?
Gure proiektuaren bidez pertsonek sexualitatearen arloan erabaki informatuak har ditzaten, baliabideak eman eta ahalduntzen ditugu. Batez ere helduentzat bideratuta dago: batetik, familiek euren seme-alabekin sexu-heziketa lantzeko aukera dute gure istorioa erabiliz (istorioa eta formakuntza eskaintzen ditugu); bestetik, desira galdu dutela sentitzen duten harremanetarako 8 asteko programa bat ere badugu.
Zer lortu duzue proiektuari esker? Zein izan da zuen lorpen edo zailtasunik handiena?
Gure lekua aurkitzea izan da zailena. Hasieran gogo handia genuen, baina moldaketa asko egin behar izan ditugu gure puzlearen pieza guztiak osatu ahal izateko.
Uste duzue zuen inguruan (komunitatean) proiektuak onura edo eraginik izan duela?
Bai. Nahiz eta gaur egun sexualitatea tabua ez dela pentsatu, egunerokotasunean oraindik badaude ziurgabetasuna, kezka, deserosotasuna eta, beharbada, mina eragiten duten jokabide eta egoera asko. Sarritan ez dira gainerakoekin (familia, lagunak, profesionalak…) partekatzen, “normala” ez dela pentsatzeko joera dugulako. Hala ere, normalak eta ohikoak dira gure buruarekin eta harremanetan gertatzen diren, eta partekatzea beldurra ematen duten, “gauzatxo” horiek.
Nolako eragina izan du Gazteak Auzolanean dirulaguntza-programak proiektua abian jartzeko edo sendotzeko? Zer alderditan izan da funtsezkoa babes ekonomikoa? Eta jaso duzuen aholkularitza edo proiektua gauzatzeko bidelaguntza teknikoa?
Gurasoentzako formakuntza egiteko aukera eman digu. Online plataforma sortu dugu, eta formakuntza osoa garatu ahal izan dugu.
Proiektuak sortu al du sinergiarik edo lankidetza berririk beste erakunde, ikastetxe, kolektibo eta abarrekin?
Bai, ikastetxeekin lan egiten dugu, baina gaur egun batez ere helduentzat bideratutako formakuntzak dira gehien lantzen ditugunak; bai familientzat, bai harremanentzat.
Proiektuarekin jarraitzeko asmorik baduzue?
Bai. Guretzat proiektu bat baino gehiago da; bizitza-misio edo helburu bat dela esango genuke. Etorkizunak zer ekarriko digun jakin ez arren, misioa argia da, eta eszenatoki horretara hurbiltzen garen heinean, aurrera egingo dugu.
Gomendatuko zeniekete beste gazteei Gazteak Auzolanean dirulaguntza eskatzea? Zergatik?
Guztiz gomendatuko genuke. Askotan ideiak baditugu, baina baliabide eta ezagutza falta izaten dugu. Programa honen bidez gida eta laguntza izan ditugu (espazioak, kontaktuak…).
Zer aholku emango zenieke proiektu bat aurkezteko asmoa dutenei?
Proiektu bat egiteko ideia baduzu, eta hilabete edo urte batzuk badaramatzazu horri bueltak ematen, analisiak egiten eta nola aurrera eramango zenukeen pentsatzen… hasteko garaia da.
Inoiz ez da momentu egokiena, eta inoiz ez zaude %100en prest.
Hasi, probatu, akatsak egin, zuzendu eta esperimentatu!
Jarraitu gure sareak
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |




