Atzealdea Kultura eta Gazteria Departamentuak Gipuzkoan Gazte Tour programaren geldialdi berri bat antolatu du aurreko edizioen harrera onaren ondoren

Hitzordua Ordizian izango da ekainaren 5ean eta 6an izango da, eta musika urbanoa, talentu gaztea eta kultura lurraldeko gazteenei hurbiltzeko dantza-masterclass bat konbinatuko ditu.

2026/06/03


Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura eta Gazteria Departamentuaren bidez, Gipuzkoan Gazte Tour 2026 programaren geldialdi berri bat antolatu du Ordizian. Ekimen horren helburua da lurraldeko gazteei hurbiltzea gaur egungo kultura-proposamen parte-hartzaileak, sormen-hizkuntzei lotutakoak.

Jarduerak ekainaren 5ean eta 6an egingo dira. Ostiralean, ekainak 5, 18:00tatik aurrera dantza-masterclass bat egingo da Dorretxen, Amezketa kaleko 2. zenbakian dagoen eraikinaren beheko solairuan. Saioa Maitane Pérez Madrazok emango du. Dantzari eta irakasle honek 2019an ekin zion bere ibilbideari, eta, gaur egun, bere alderdi artistikoa uztartzen du irakaskuntzarekin, ekitaldien antolaketarekin eta hip hop-eko prestakuntzarekin. Beharrezkoa da izena ematea.

Larunbatean 19:00tan, ekainak 6, Ordiziako Plaza Nagusiak (Garagartza plaza) udaberriko edizio honetako kontzertu nagusia hartuko du. Aimarz eta ASFA izango dira karteleko artista nagusiak, eta Nerea García tokiko artista arduratuko da jardunaldiari hasiera emateaz, herriko talentu hasiberriaren ordezkari gisa. Azken saioa Ordiziako Undercarrot DJk emango du, eta genero eta soinu urbanoen nahasketan oinarritutako proposamen batekin itxiko du ekitaldia.

Kultura Sustapen eta Gazteriako foru zuzendariak azpimarratu duenez, programaren helburua da "Gipuzkoako gazteei eskaintzea kultura-espazio hurbilak, irisgarriak eta beren interesekin lotura dutenak". Diputatuaren hitzetan, "Gipuzkoan Gazte Tourrekin aitortzen da gazteek ere badutela eskubidea beren herrietako bizitza kulturalaz gozatzeko, sortzeko, hitz egiteko eta parte hartzeko".

Palenciak, gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela horrelako ekimenak lurraldeko hainbat herritara eramatea: "Gure nahia da gazteen kultura hirigune handietan soilik ez kontzentratzea. Gipuzkoa lurralde bizia eta askotarikoa da, eta gure konpromisoa da kultura-aukerak herrietara ere iristea, komunitatea, topaketa eta parte-hartzea sortzeko".

Ildo horretan, balioa eman dio programan artista gazteek eta tokiko talentuak parte hartzeari. "Gazte askorentzat, behetik hasi eta beren bidea eraikitzen ari diren artistak oholtza gainean ikustea inspirazio-modu bat ere bada. Gazteen aldeko apustua egitea haien sormenean, hizkuntza berriak eraikitzeko gaitasunean eta kultura-espazio propioak okupatzeko eskubidean konfiantza izatea da", adierazi du.

Bestetik Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak azpimarratu du “aurten ere Gipuzkoan Gazte Tourren geldialdia izango dugu Ordizian. Gazteei zuzendutako ekimenak ezinbestekoak dira haien interesak eta beharrei erantzuteko, eta horregatik egiten dugu urte osoan ahalegin berezia gazteentzako eskaintza erakargarria sustatzeko. Kulturak ere gazteengana iritsi behar du, haien hizkuntza eta interesekin bat eginez, eta Gipuzkoan Gazte Tour bezalako ekimenek aukera hori eskaintzen dute. Ziur gaude aurtengo kontzertuek ere giro aparta sortuko dutela eta gazte askoren topagune izango direla”

Ordiziako kartelak proposamen sendoak eta sortzen ari direnak konbinatzen ditu. Aimarz, Zumarragako artista gazte bat da, euskarazko musikaren eszenan jarraitu beharrekoa, batez ere Entzun dezatela abestiaren oihartzunaren ondoren. ASFAk, bestalde, 2025ean hasi zuen bere bakarkako etapa Sotoalderen ondoren, eta egungo soinu urbanoei lotutako proposamen bat eta publikoarekiko konexiora bideratutako zuzeneko bat eskaintzen ditu.

Nerea Garcíaren parte-hartzeak Gipuzkoan Gazte Tour programak 0 km-ko talentuaren alde egiten duen apustua indartzen du. Gaztetxe, taberna eta aretoetan lehen urratsak eman zituenetik, artista ordiziarra bere ibilbidea zabaltzen joan da: Bartzelonan prestatzen aritu da eta Paralel 62, Rouge edo Razzmatazz bezalako espazioetan jardun da. Jardunaldia Undercarrot DJrekin amaituko da, eta ekitaldia itxi arte energia mantentzeko pentsatutako saio bat eskainiko du.

Hitzordu hau amaitutakoan, Gipuzkoan Gazte Tour 2026 ekitaldiak udazkenean izango du jarraipena lurraldeko beste herri batzuetan, Gipuzkoako gazteei zuzendutako musika- eta prestakuntza-proposamen berriekin.

INFORMAZIO GUZTIA

 

 

Jarraitu gure sareak