- gipuzkoa
- Gazteria
- Aktualitatea
- Berriak
- Kultura Departamentuak udan Kultura Bonu Gaztea kanpaina abian jarri du
Atzealdea Kultura Departamentuak udan Kultura Bonu Gaztea kanpaina abian jarri du
2026/07/20

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura Departamentuaren bitartez, uda osora zabaldu du Kultura Bonu Gaztea programa. Kanpaina uztailaren 18an jarri da martxan eta irailaren 30era arte egongo da indarrean. Deskontuak 16 eta 29 urte bitarteko gazteentzat dira, eta aukera ematen die kulturarako sarbidea izateko eta kultura-produktuak eskuratzeko.
Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, ekimen honen helburua da "kultura gazteengana hurbiltzea, bizitzaren aldi horretan eraikitzen baitira bizitza kulturalean parte hartzeko interesa, ohiturak eta moduak. Bonu horiek liburuak, musika eta beste produktu kultural batzuk deskubritzeko gonbidapena izan daitezen nahi dugu, eta Gipuzkoako gazteek kultura hurbileko eta berezko gisa senti dezaten". Horretarako, Kultura Departamentuak 40.000 euroko aurrekontua bideratuko du, gazteen artean kultura-kontsumoa sustatzeko eta, aldi berean, lurraldeko kultura- eta merkataritza-sektorea babesteko.
Programaren baldintzak
Programak hobari handiagoa izango du euskarazko kultura-produktuak erosteko. Hala, gazteek 12 euroko deskontua izango dute 20 euro edo gehiagoko erosketetan, produktuak euskaraz erosten dituztenean. Produktuak beste hizkuntza batzuetan erosten dituztenean, berriz, 10 euroko deskontua izango dute.
Pertsona bakoitzak kategoria bakoitzeko bost bonu eskuratu ahal izango ditu. Bonuak % 100 digitalak izango dira eta deskontua zuzenean aplikatuko da establezimenduan transakzioa egiten den unean, NANa erakutsita. Guztira 3.666 bonu izango dira:
- Kultura Bonu Gaztea (euskara): 1.670 bonu.
- Kultura Bonu Gaztea (beste hizkuntzak): 1.996 bonu.
Uda honetan, Kultura Bonu Gazteak aukera berriak eskainiko dizkie Gipuzkoako gazteei kultura gertutik bizi dezaten; gazteak liburu dendetara erakarri eta kultur ohiturak urte osoan zehar sustatzeko.
Ezagutu programan parte hartuko duten Gipuzkoako establezimenduak.
Jarraitu gure sareak
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |




