Atzealdea Time to Move 2026: gazteentzako aukerak Europan eta Design Contest lehiaketa

Eurodesken kanpaina Europako mugikortasun-aukerak ezagutzeko proposamenekin eta 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako diseinu-lehiaketa batekin dator

2026/10/02


Udazkenero, Eurodesk, nazioarteko aukerei eta mugikortasunari buruzko gazteentzako informazio- eta orientazio-sare europarrak Time to Move kanpaina jartzen du martxan. Helburua da gazteek bidaiatzeko, ikasteko, lan egiteko, boluntario aritzeko edo nazioarteko proiektuetan parte hartzeko aukera desberdinak ezagutzea.

Ekimen horren bidez, irailean eta urrian gazteek hainbat jarduera eta baliabide aurkituko dituzte, atzerrian esperientzia bat bizitzeko zer aukera dituzten jakiteko.

Gipuzkoan Kaebnai Elkartea da Eurodesken puntu biderkatzailea. Euskadiko hiru lurraldeetan 10 tailer eta hitzaldi antolatuko ditu hezkuntza-gune formaletan eta ez-formaletan, sarea eta haren mugikortasun-programa nagusiak ezagutarazteko, batez ere Elkartasunerako Europako Kidegoa (EGAB).

Design Contest: Sormenak ere badu bere lekua Time to Moven

Europako mugikortasun-aukerei buruzko informazioa hurbiltzeaz gain, Time to Move programak kanpainan aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditu gazteak. Edizio honetako proposamenetako bat Design Contest 2026 lehiaketa da, 18 eta 30 urte bitarteko gazteak diseinuaren bidez adiskidetasunari eta Europako hainbat lekutako gazteen arteko loturei buruzko ikuspegia adieraztera animatzen dituena.


"Friendship across Europe" (Adiskidetasuna Europan) lelopean, parte-hartzaileek proposamen original eta argitaragabe bat aurkeztu ahal izango dute lehiaketaren hiru kategorietako batean:

  • AA gabeko artista: adimen artifizial generatiboko tresnak erabili gabe egindako ilustrazioak edo marrazkiak, nahiz eta ukitu txikiak egin daitezkeen.
  • AA artista: adimen artifizialeko tresnen bidez sortutako kamiseten diseinuak.
  • Komiki laburra: gehienez hiru binetako istorio ilustratua.

Proposamen bakarra aurkez daiteke pertsona bakoitzeko, PNG, JPG edo PDF formatuan. Parte hartzeko epea 2026ko urriaren 31ko 12:00ak (CET) arte egongo da zabalik.

Proposamenek hainbat sari jasotzeko aukera izango dute, besteak beste, Interrail tren-paseak eta Wacom tableta grafikoak. Gainera, Eurodeskeko epaimahaiak hautatutako lehen hiru sailkatuen diseinuak Time to Move 2027ko merchandising ofizialean sartuko dira. Lehiaketa honetan publikoaren sari bat ere egongo da, webgune ofizialean jasotako bozketen bidez eskuratu ahal izango dena. Arau guztiak kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarrietan.

INFORMAZIO GUZTIA

 

Jarraitu gure sareak