Gazteria Zuzendaritzaren Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programak martxan dira

Gipuzkoako 1.435 haur eta nerabe inguruk parte hartuko dute Foru Aldundiaren 2022ko udako kanpainan

2022/07/01


Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko Haur eta Gazteen Zuzendaritza Nagusiak aurten ere antolatu ditu Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programak.

Aurtengo esperientziak gaur, uztailak 1, hasiko dira eta uztailaren 29an amaituko dira Udalekuak eta abuztuaren 7an Gazte oporraldiak. Gaur goizean haurrak eta nerabeak izan dira protagonista Donostiako Autobus Geltokian, bertatik abiatu baitira udalekuetara zein gazte-oporraldietara eramango dituzten 19 autobusak.

Haurren egonaldi guztiak 7 egunekoak izango dira, baina gazteenak 7, 10, 11 edo 12 egunekoak izan daitezke. Hizkuntzari dagokionez, Udalekuetako txanda batzuk euskaraz izango dira eta beste batzuk ele bietan; eta Gazte Oporraldietan, berriz, batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz. 

Udalekuetan 7-13 urte bitarteko haur eta nerabeek parte hartuko dute. Programa hiru foru-aldundiek elkarrekin antolatzen dute eta, beraz, Gipuzkoakoek Araba eta Bizkaiko neska-mutilekin batera biziko dute esperientzia. Gazte Oporraldiak, berriz, 14-17 urte bitarteko gazteentzat dira, Extremadura, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon eta Aragoiko autonomia-erkidegoekin, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Arabako Foru Aldundiarekin koordinatzen direnez, egonaldi batzuetan parte-hartzaileek leku horietako gazteak ezagutzeko aukera izango dute.

2022an, Foru Aldundiak 1.435 plaza banatu ditu guztira Gipuzkoako haur eta gazteen artean, programa hauei esker astialdiaz gozatzeko: 1.050 udalekuetarako eta 385 gazte-oporraldietarako; eta horien % 5 hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonei eman zaizkie. Beraiekin izango dira, gainera, lurraldeko gazte asko begirale- eta zuzendari-lanetan.

Gazteria Zuzendaritzak antolatzen dituen egonaldi hauen helburu nagusia da Gipuzkoako haur eta gazteei beren astialdia modu aberasgarrian igarotzen laguntzea. Izan ere, udako programetan antolatutako aisia eta abenturazko jardueren bidez sustatu eta indartu nahi dira, besteak beste, aisia hezigarria, parte-hartzaileen autonomia eta bizikidetza edota ingurune bakoitzeko ohitura eta kultura-baliabideen ezagutza. Aurten bai, zailtasunak atzean utzita, jolaserako, dibertsiorako, autonomia pertsonala garatzeko eta bizikidetzarako diren lekuez gozatzeko aukera izango da programa hauen bitartez, eta hori guztia lagunekin eta kideekin partekatuta.

Bai udalekuetan, bai gazte-oporraldietan, mota ezberdinetako ekintzez osaturiko programazioa izango da, hau da, ekintza hezigarriak, esperientzia aberasgarriak, aisialdikoak, kirolak, kultur bidaiak eta taldeko ekintzak. Eskaintza paregabea Gipuzkoako haur eta gazteentzat!

Egunerokoak

Egonaldi bakoitzaren segimendua egin nahi dutenek eskura izango dituzte bertan egiten diren ekintzen irudiak, egunez egun, bi programen webguneko “Egunerokoak” atalean:

 

 

Jarraitu gure sareak