Atzealdea Udalekuak 2023 kanpaina aurkeztu dute

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek 2023ko udalekuetako kanpaina aurkeztu dute

2023/03/14


 

Udalekuak 2023

 

Elkarrekin antolatu dute, aurten ere, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek udalekuetako kanpaina. Atzo aurkeztu zuten, Donostian egindako prentsaurrekoan, hiru aldundietako ordezkariek: Maria José Telleria, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatua, Lorea Bilbao Ibarra, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua eta Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatua eta. Bertan izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendari Isaac Palencia ere.

Programa honen bidez, askotariko jarduera ludikoak eta hezigarriak eskaintzen zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko haurrei eta gazteei. Uztailaren 1etik 29ra bitartean izango dira udalekuak eta 7 eta 13 urte bitarteko 3.993 haurrek hartuko dute parte bertan; 1.010 plaza eskainiko dira Gipuzkoan, 1.695 Araban eta 1.268 Bizkaian. Plazen % 5, gainera, hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonentzat izango dira.

Aisialdi hezigarria sustatzea, autonomia eta bizikidetza bultzatzea, ingurune bakoitzeko ohiturak eta kultura-baliabideak ezagutzea edota aisialdiko jardueretako komunikazioetan euskara indartzea dira, besteak beste, udalekuen kanpainaren helburuak.

Guztira, 15 instalaziotan banatuko dira udalekuetako txandak. GFAko Gazteria Zuzendaritzak kudeatutako plazak Orion, Zarautzen, Hondarribian, Abaraxka (Azkoitian), Bertizen eta Irisarriland-en banatuko dira.

Hizkuntzari dagokionez, 3.702 plaza euskaraz izango dira, eta 291 elebitan. 7-8 urtekoentzako plaza guztiak euskara hutsekoak izango dira; 9-11 urte dituztenei 2.249 plaza eskainiko zaizkie, horietatik 2.078 euskaraz eta 171 elebitan; eta azkenik, 12-13 urtekoen kasuan, 1.290 plaza eskainiko dira guztira, horietatik 1.170 euskaraz eta 120 elebitan.

Gipuzkoan, martxoaren 20tik 28ra bitartean eman beharko da izena zozketan parte hartzeko eta, gehienez ere, hiru parte-hartzaileko taldetan egin ahalko da. Zozketa apirilaren 17an egingo da, jendaurrean.

 

Kontsultatu informazioa hemen

 

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak