Atzealdea 2022ko Apirilaren 17a, Gazte Informazioaren Europako Eguna

Gazteriaren Europako Urtean, parte-hartzea eta demokrazia hobetzeko, eta giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesteko informazioak duen garrantzia azpimarratzen da.

2022/04/13


Datorren igandean, apirilak 17, urtero bezala Gazte Informazioaren Europako Egunaren (EYID ingelesez) edizio berri bat ospatuko da. ERYCAk, Gazte Informazio eta Aholkularitzarako Europako Agentziak sortu zuen ekimen hau. Aurten, egun horretan, gazteek informazio osoa eta egiazkoa eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatuko da. Ez hori bakarrik, gazte-informazioko profesionalen lana nabarmendu nahi da, haien lana funtsezkoa delako. Aurtengoan egunak garrantzi berezia du, 2022 Gazteriaren Europako Urtea baita.

Europa gazteen beharrei eta eskubideei ahotsa ematen ari zaien urte berezi honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuak bat egiten du aldarrikapen horiekin. Ezinbestekoa da gazteek informazio fidagarria eta objektiboa eskuratu ahal izatea eta informazio hori aztertu eta erabiltzeko gaitasuna izatea, iritzi arrazoitua osatzeko eta herritar (gazte) informatuak izateko.

Gazteen informaziorako eskubidea tresna oso garrantzitsua da; izan ere, beste eskubide batzuetarako sarbidea emateaz gain, parte-hartzea eta demokrazia hobetu, eta giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesten ditu.

 

2022ko ERYCAren kanpaina

Aurten ERYCAk bi fasetan garatutako kanpaina jarri du martxan «Youth information empowers you(th). It’s your right. Assert it» lelopean (Gazte-informazioak ahalduntzen zaitu(zte), zu eta gazteria. Zure eskubidea da. Aldarrika ezazu). Bi helburu ditu: alde batetik, gazteek informazio osoa eta fidagarria jasotzeko duten eskubideaz sentsibilizatzea, eta bestetik, gazte-informazioko profesionalen lana nabarmentzea.

Kanpainaren lehen fasean #EYID22 traolan, historia aldatu duten hainbat gazte-mugimendu erakutsi dira. Bideo ezberdinen bitartez, XX. eta XXI. mendeetan gazteek mugimendu sozial ezberdinak nola gidatu dituzten ikusi ahal izan da. Mugimendu horiek funtsezkoak izan dira egungo eta etorkizuneko eskubide batzuetarako.

Bigarren fasean, gazte-informazioko zentroek beren egunerokotasunean lantzen dituzten zerbitzuen sorta erakutsi da. Zerbitzu horiek, informazioaz gain, aholkularitza, laguntza, orientazioa, prestakuntza, aisialdiko jarduerak eta sare-lana etab. eskaintzen dituzte, gazteak ahalduntzeko eta inplikatzeko helburuarekin.

 

 

 

Jarraitu gure sareak