Atzealdea

Aldundiak TREBA Gurasoak katalogoa aurkeztu du

Prestakuntza-ekimen berri honen helburua da haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan prestatuz. Isaac Palencia Gazteriako foru zuzendaria: «Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzan kezkatuta gaude lurraldeko haurren, nerabeen eta gazteen orainaz eta etorkizunaz, eta horregatik bultzatu nahi dugu haien garapena, autonomia eta ahalduntzea».

2021·09·30


Gazteek aitortzen dute, askotan, hezkuntza formaleko prestakuntza-ibilbide bat egin ondoren (arrakastatsua izan ala ez), gabezia nabarmenak dituztela bizitzara egokitzeko oinarrizko gaitasunetan, edo beren prestakuntza osatu nahi dutela hezkuntza formalaren diseinu edo curriculumetik ihesi.

Ildo horretan, iaz, TREBAgazteak programa jarri zen martxan, eta jarraipena emango zaio ikastaro honetan ere. Gipuzkoako gazteak emantzipazio prozesuan lagundu eta ahaldundu nahi ditu, Gipuzkoako hainbat herritan egingo diren hitzaldi, tailer eta ikastaroen bitartez. Haien intereseko gaiak lantzen dira, hala nola kudeaketa sozioemozionala, proiektu bat garatzeko gaitasunak eskuratzea edota sexu hezkuntza.

 

Era berean, hainbat prestakuntza-programa garatzen ari dira gazteekin lan egiten duten udaletako Haur eta Gazteen Sustapenerako arloetako profesionalentzat, eta lurraldeko gazteria-zinegotziei zuzendutako jardunak ere badaude, guztia TREBAprofesionalak izenaren aterkipean.

 

«Une honetan, aurrekoen osagarri den prestakuntza-proiektu bat aurkezten dugu, gurasoei beren seme-alabekin egiten duten hezkuntza-lanean orientabideak emateko eta, horrela, garapen hobea izan dezaten. Programa horri TREBAGurasoak deitzen diogu», adierazi du Isaac Palentzia Gazteriako zuzendariak.

 

TREBA Gurasoak

Prestakuntza-ekimen berri honen helburua da haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan prestatuz.

 

Tresna arin eta eraginkor bat izan nahi du, guraso izateko ezagutza garrantzitsuak transmititzeko lurralde osoan, hainbat eragileren lankidetzarekin.  Gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoa da. Harreman afektibo osasuntsu, babesle eta egonkorrak sustatzen ditu; errutinetan eta ohituretan egituratutako hezkuntza-ingurune bat sortzen du; estimulazioa, babesa eta ikasteko aukerak eskaintzen ditu; haurren eta nerabeen lorpenak eta gaitasunak aintzatesten ditu, eta laguntza ematen die haien eguneroko bizitzan.

 

Programa honen bidez, lurraldeko udalerrietan hainbat gairi buruzko hitzaldiak eta tailerrak antolatuko dira, gurasoei beren seme-alaben hezkuntza-prozesuan laguntzeko.

 

Hitzaldi eta tailerren katalogoa

 

Aurreikusitako katalogoaren barruan, gai hauek landuko dira ikastaro honetan:

  • AITA EDO AMA IZATEAREN ARTEA. Hezitzailea: Nerea Mendizabal
  • EMOZIOEN GARRANTZIA FAMILIAN. NOLA ZAINDU SEME-ALABEN EMOZIOAK. Hezitzailea: Donna Apellaniz
  • KOMUNIKAZIO EZ BORTITZA. Hezitzailea: Nerea Mendizabal
  • FAMILIAKO ARAUAK ETA MUGAK. NOLA EZARRI MODU ASERTIBO BATEAN. Prestatzailea: Donna Apellaniz
  • HAURTZAROA ETA SEXUALITATEAREN ERAIKUNTZA. GURASOAK NON KOKATZEN GARA? Prestatzailea: Jone Zalduegi
  • GURASO BANAKETA OSASUNTSU BATEN ALDE. Prestatzailea: Nerea Mendizabal
  • HAURTZAROA, NERABEZAROA ETA INTERNET: OHITURAK, ARRISKUAK ETA ERABILERA SEGURUA. Prestatzailea: Rakel Gamito
  • SUBSTANTZIEN KONTSUMOA. ZER EGIN DEZAKE FAMILIAK? Prestatzailea: Estibaliz Ansotegi
  • KIROL APUSTUAK ETA AUSAZKO JOKOAK. ZER EGIN DEZAKE FAMILIAK? Prestatzailea: Estibaliz Ansotegi
  • HAURREN ETA NERABEEN ONGIZATERAKO ETA GARAPEN OSASUNGARRIRAKO GAKOAK. Prestatzailea: Leyre Cano
  • HAURRAK, NERABEAK ETA HEZKIDETZA ETXEAN. Prestatzailea: Jone Zalduegi
  • INGURUNE SEGURUAK SORTZEA BULLYING-EGOERAK MINIMIZATZEKO. Prestatzailea: Estibaliz Ansotegi

 

Formatua

Gai bakoitza bi formatutan garatu daiteke: hitzaldiak eta tailerrak.

Hitzaldiek ordu eta erdi inguru iraungo dute, eta tailerrek, berriz, lau ordu, bi saiotan banatuta.

 

Hitzaldian lantzen dena sakonago garatuko da tailerrean; nolabaiteko jarraipena emanez. Nolanahi ere, jarduera independenteak dira, eta ez da beharrezkoa hitzaldira joatea tailerra egin ahal izateko.

 

Funtzionamendua

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren ekimena da hori, Gipuzkoako udalekin lankidetzan, haurrak, nerabeak eta gazteak sustatzeko zerbitzuen bitartez.

 

Jarduerak programatzeko interesa duten udalerrietan egingo dira, gurasoek, guraso elkarteek, ikastetxeek edo herriko beste hezkuntza-eragile batzuek egiten dizkieten eskaerak kontuan hartuz, horiek gaiaren inguruan dituzten kezken, premien edo beharren arabera.

 

Izen emateak:

Jarduera bakoitza programatzen den udalerriko haurrak eta gazteak sustatzeko zerbitzuaren bitartez garatuko da.

 

Kostua:

Jarduera doakoa izango da parte hartzaileentzat.

 

 

Jarraitu gure sareak