Atzealdea

Astialdiko ekintzak antolatzeko informazioa eta laguntza atal berri batean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak atal bat prestatu du bere webgunean aurtengo udan astialdiko jarduerak antolatu nahi dituen elkarte edo erakunde ororentzako informazio eta baliabide interesgarriekin.

2021·05·18


 

 

Astialdian egiten den lana oso garrantzitsua da, hezigarria baita: baloreetan hezten du. Beraz, haurren eta nerabeen garapen integralean laguntzen duten heinean, ardura handia dute era horretako jarduerak eta ekintzak antolatzen dituzten elkarte eta erakundeek. Horregatik, ezinbestekoa da beren betebeharrak eta kontuan hartu beharreko beste hainbat alderdi ondo ezagutzea, beren jarduna pedagogikoa, kalitatezkoa eta segurua izango dela ziurtatzeko; eta are gehiago egun bizi dugun ziurgabetasun-egoeran.

 

Horren jakitun, Gazteriako Foru Zuzendaritzak atal espezifiko bat sortu du bere webgunean, behar horri erantzuteko, hau da, udako ekintzaren bat antolatu nahi duen profesional eta boluntario aritzen den orori zer eta nola egin behar duen azaltzeko eta antolaketa horretan lagunduko dioten zenbait baliabide haren eskura jartzeko.

 

Atal honetan, lehenik eta behin, astialdiko ekintzetan bete beharreko araudiak bildu dira: batetik, Eusko Jaurlaritzak haur eta gazteentzako kanpaldiak, udalekuak, etab. arautzeko ebatzitako dekretu orokorra; bestetik, une honetan oso garrantzitsua dena, Covid-19ak eragindako egungo egoeran aplikatzekoa; eta azkenik, kontuan hartu beharreko beste zenbait.

 

Horiez gain, entitate eta elkarteek Aldundiarekin egin behar dituzten tramiteetarako bidea erraz topatuko dute webguneko atal honetan, hala nola arlo honetako diru-laguntzak eskatzeko edo derrigorrezko jakinarazpena egiteko, nahitaezkoa baita antolatutako ekintza guztien berri foru-erakundeari ematea. Halaber, baliabideen artean topa daiteke Udabizi aplikazioa ere; hain zuzen, tresna honen bidez astialdiko jardueretarako begiraleak, zuzendariak edo bestelako lan-profilak bilatu daitezke.

 

Azkenik, ezin geratu Gazteria Zuzendaritzaren laguntza-eskaintza horren barruan astialdiko jarduerak antolatzeko aholkularitza-zerbitzua aipatu gabe. Izan ere, webgunean azaltzen den informazioaz gain, astialdiaren arloan sor daitezkeen zalantza edo kontsultetarako 943445980 telefonora deitu daiteke (ordutegia: 10:30 - 14:00) edo udalekuak@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi.

 

Informazio gehiago

 

 

 

Jarraitu gure sareak