Atzealdea Azaroak 19: HITZegiten, eztabaida eta sentsibilizaziorako topagunea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak antolatu du lan-saioa, Gaztematika sarearen barruan.

2020/11/13


 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak eztabaidarako eta sentsibilizaziorako topagune bat jarriko du abian haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloko arduradun politiko eta teknikoentzat nahiz gizarte osoarentzat. Sortuko den espazioaren helburua da haurren, nerabeen eta gazteen beharrei lotutako gaiez elkarrekin hausnartzea, betiere, sustapenaren ikuspegitik. Azaroaren 20an Haurren Eskubideen Hitzarmenaren Nazioarteko Eguna da, eta data hori aitzakia hartuta, azaroaren 19an bi saioz osatutako proposamena sortu da.

 

Goizeko saioa

Lehenengo saioa goizean izango da, 10:00etatik 12:00etara, Gaztematika sareko profesional eta partaideentzat. Bertan, haurren eta nerabeen sustapen-arloko esku-hartzeari buruz mintzatuko dira adituak, haien eskubideak oinarri hartuta. Asmoa da arlo horri buruz gogoeta egitea, adierazten diren planteamenduen eta garatzen diren praktika errealen artean dagoen distantzia erakutsiz.

 

Saioko hizlaria Soziologian doktorea eta Gizarte Lanean diplomatu den Lourdes Gaitán Muñoz izango da. Haurren Eskubideen Europako Master Sarearen kide sortzailea da, European Sociological Association erakundeko Haurren Soziologia Zuzendaritza Nagusiarena izateaz gain. Hainbat kargu izan ditu, eta bere lan-bizitza irakaskuntzaren eta funtzio publikoaren artean garatu da.

 

Aurkezpena eta dinamizazioa, ostera, gaian trebatuta dagoen Joana Miguelena Torradok egingo du. Hezkuntzan doktorea da, eta bere ikerketa-ildo nagusiak honakoak dira: batetik, haur eta nerabeen eskubideak, eta bestetik, gizartean zailtasunak dituzten haur, nerabe eta gazteekin gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea.

 

Saioaren formatua birtuala izango da, eta izena emateko epea zabalik egongo da azaroaren 19ra arte.

 

Arratsaldeko saioa

Arratsaldeko saioa, 19:00etatik 20:30era izango da, publiko guztiarentzat, eta COVID garaian haurren eta nerabeen eskubideak babesteaz arituko dira.

 

Saio honetan ere, Lourdes Gaitán Muñoz izango da hizlaria. Aurkezpena eta dinamizazioa, berriz, Maider Gabilondo Ariznabarretak egingo ditu. Politika- eta administrazio-zientzietan lizentziatua da bera, baita Giza eskubideetan diplomatua ere, Costa Ricako Giza Eskubideen Institutu Interamerikarrean. Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian lan egin zuen, eta UNICEFi lotuta dago 1998az. Egun, UNICEFeko Nafarroako Batzordeko koordinatzailea da, Nafarroako Gobernuko Adingabeen Kontseiluko kidea ere bada, eta hainbat unibertsitatetan irakasle gonbidatua izateaz gain, Nafarroako Unibertsitatearekin kolaborazioak egiten ditu.

 

Bigarren saio honen formatua ere birtuala izango da, eta honako formulario honetan eman daiteke izena azaroaren 19ra arte: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/gazteria/azaroak-19-arratsaldeko-saioa

 

Esan bezala, HITZegiten eztabaida eta sentsibilizaziorako topagunearen lehenengo lan-saioa izango da azaroaren 19koa. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Gazteria Zuzendaritzak jakinarazi duenez, ikasturtean zehar topaguneari jarraipena eman eta lan-saio gehiago antolatzeko asmoa dute. 

 

Deskargatu PDF-a

 

Informazio gehiago

 

 

 

Jarraitu gure sareak