Atzealdea Azaroaren 5ean amaitzen da “Beldur Barik Jarrera” lehiaketan parte hartzeko aukera

Gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatu nahi ditu egitasmo honek. Bakarka edo taldeka parte hartu dezakezu. Animatu eta bidali zure proposamena!

2019/10/16


Beldur Barik Emakundek urtero antolatzen duen programa da eta laguntzaileen artean Gipuzkoako Foru Aldundia dago. Beldur Barik Jarrera!, berriz, 12-26 urte bitarteko gazteentzako ikus-entzunezko lehiaketa irekia da. Bere helburua da emakumeen aurkako indarkeria-mota guztiak gainditzea, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzen laguntzea.

 

Lehiaketara aurkezten diren proiektuek Beldur Barik Jarrera islatu behar dute; alegia, aipatutako harreman-motak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute. Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da.

 

Aurtengo berrikuntzetako bat da edozein adierazpen artistiko onartuko dela, baldin eta ikus-entzunezko euskarrian aurkezten bada: flashmob, errezitatutako poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketazko testuak, bideoklipak, fotografiak, fotomuntaketa, fotonobelak, lipdub-ak, dantzak, film laburrak, animaziozko egitasmoak, proiektuen edota artelanen aurkezpenak, performance-ak, hiriko esku-hartzeak, etab.

 

 

Lehiaketan parte har daiteke bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat) eta 3 proiektu aurkeztu daitezke pertsona edo talde bakoitzeko. Parte hartzeko 3 kategoria ezberdin daude: 12-13, 14-18 eta 19-26 adin-tartekoentzat. Lanak bidaltzeko azken eguna azaroaren 5a da.

 

Kategoria bakoitzeko 400 euroko 2 sari banatuko dira: ikus-entzunezko lana eta ikus-entzunezkoa ez den lana saritzeko. Horrez gain, 300 euroko partaidetza-saria emango da, herri bozketaren bitartez; eta baita ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratzeko saria ere, 300 eurokoa.

 

Iturria: Beldur Barik