Atzealdea Azpeitiko esperientzia konfinamenduan: #EtxeanJolas

Azpeitiko ludoteketako hezitzaileek egunero bideo entretenigarriak egiten dituzte haurren gozamenerako

2020/04/29


Konfinamendu egoera dela-eta,  Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak eta Urolako Komunikazio Taldeak #EtxeanJolas egitasmoa jarri dute martxan, herriko haurrei eta beren gurasoei egunak pixka bat arintzeko asmoz. Proposamen honen helburua da haurrek ludoteketan egin ohi dituzten ekintzak herriko etxeetara gerturatzea, itxialdia dibertigarriagoa egiteko.

 

#EtxeanJolas egitasmoaren barruan Azpeitiko Txiki-Txoko eta Iturritxiki ludoteketako hezitzaileek egunero haurrentzako bideo bat grabatu eta uztarri.eus webgunean zintzilikatzen dute arratsaldetan (16:00etan zehazki). Saio horietan, hezitzaileek etxean egin daitezkeen eskulanak, asmakizunak eta jolasak proposatzen dituzte, besteak beste.

 

Martxoaren 27an hasi ziren ekimenarekin eta, dagoeneko, hogei saio baino gehiago egin dituzte; eta jarraitzeko asmoa dute. Izan ere, herritarrengandik jasotzen ari diren babesa handia izaten ari da. Azpeitiko gazteria-teknikari Aloña Larrañagaren esanetan, “egunero 500-600 herritarrek ikusten dute bataz beste gure proposamena, eta arrakasta horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko”.

 

Hasieran, ludotekako hezitzaileak hasi ziren beraiek grabatutako bideoak zabaltzen (astero, hezitzaileek eta teknikariak  bilera bat egiten dute, online, saioetako grabazioak aztertzeko eta zehazteko), baina azkenaldi honetan, haurrek eta gurasoek beraiek ere aukera dute etxean egiten dutena beste herritarrekin partekatzeko. Azken batean, “herritarrek parte hartzea sustatu nahi dugu” dio gazteria-teknikariak.

 

 

Halaber, proiektu honetaz gain, Azpeitiko Gazteria Saila beste bide batzuk ere erabiltzen ari da gazteengandik gertu egoteko: “ludotekako bazkide diren haurren guraso edo arduradunei hainbat artikulu, gomendio… bidaltzen dizkiegu whatsappez edo emailez eta, bestalde, Gaztelekuko hezitzaileak sare sozialen bitartez ari dira lanean nerabeekin, haien bidelagun izaten. Egunero erronka ezberdinak botatzen dizkiete” dio Aloñak.

 

Nolanahi ere, ez hezitzaileentzat, ezta teknikariarentzat ere, egoera ez da xamurra izaten ari: “ez da erraza egunerokotasunari aurre egitea, gure zerbitzua beti lantaldean eta aurrez aurre eman dugulako. Baina egoera honek ikustarazten digu beste bide batzuk badirela: whatsapp-a, bideo-deiak…”.

 

Azkenik, teknikariak mezu bat utzi nahi die gazte guztiei: “denak txapeldunak dira. Eta jarraitu horrela, laster izango dugulako berriro ere elkarrekin jolasteko, besarkatzeko… aukera”.

 

Ezagutu #EtxeanJolas ekimena HEMEN.