Atzealdea Beldur Barik Jarrera! lehiaketaren edizio berria martxan da

Gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatu nahi ditu egitasmo honek

2019/09/20


Beldur Barik Emakundek urtero antolatzen duen programa da eta laguntzaileen artean Gipuzkoako Foru Aldundia dago. Beldur Barik Jarrera! 12-26 urte bitarteko gazteentzako ikus-entzunezko lehiaketa irekia da. Bere helburua da emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzea, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzen laguntzea.

 

Proiektuek Beldur Barik Jarrera islatu behar dute; alegia, aipatutako harreman-motak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute. Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da.

Edozein adierazpen artistiko onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko euskarrian aurkezten bada: flashmob, errezitatutako poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketazko testuak, bideoklipak, fotografiak, fotomuntaketa, fotonobelak, lipdub-ak, dantzak, film laburrak, animaziozko egitasmoak, proiektuen edota artelanen aurkezpenak, performance-ak, hiriko esku-hartzeak, etab.

 

Lehiaketan parte har daiteke bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat) eta 3 proiektu aurkeztu daitezke pertsona edo talde bakoitzeko. Parte hartzeko 3 kategoria ezberdin daude: 12-13, 14-18 eta 19-26 adin-tartekoentzat. Lanak bidaltzeko azken eguna azaroaren 5a da.

 

Kategoria bakoitzeko 400 euroko 2 sari banatuko dira: ikus-entzunezko lana eta ikus-entzunezkoa ez den lana saritzeko. Horrez gain, 300 euroko parte-hartze saria emango da, herri bozketaren bitartez; eta baita, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratzeko saria ere, 300 eurokoa.

 

Iturria: Beldur Barik