Atzealdea Bihar hasiko da Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Zuzendaritza Nagusiaren Udalekuetan eta Gazte Oporraldietan izena emateko epea

Guztira, 1075 plaza eskainiko zaizkie Gipuzkoako haur eta gazteei, jarduera ludiko eta hezigarriez goza dezaten.

2021/04/12


Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko Haur eta Gazteen Zuzendaritza Nagusiak aurten ere antolatu ditu bere udako ekintzen programako Udalekuak eta Gazte Oporraldiak. Lehena, 7-13 urte bitarteko haurrentzat, eta bigarrena, 14-17 urteko adina dutenentzat.

Gai jakin batzuen inguruan antolatzen diren egonaldi hauen helburu nagusia da Gipuzkoako haur eta gazteei beren astialdia modu aberasgarrian igarotzen laguntzea. Programan antolatutako aisia eta abenturazko jardueren bidez sustatu eta indartu nahi dira, besteak beste, aisia hezigarria, parte-hartzaileen autonomia eta bizikidetza, ingurune bakoitzeko ohitura eta kultura-baliabideen ezagutza, eguneroko bizikidetzan adiskidetasuna eta berdintasuna, natura-ingurunearen eta ingurumenaren zaintza, edota euskara aisialdiko jardueretarako komunikazio-hizkuntza gisa indartzea.

Udalekuak programa hiru foru-aldundiek elkarrekin antolatzen dute eta, beraz, Gipuzkoako haurrek Arabako eta Bizkaikoekin batera biziko dute esperientzia. Gazte Oporraldiak, berriz, Extremadura, Gaztela-Mantxa, Aragoi eta Gaztela eta Leoneko autonomia-erkidegoekin, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Arabako Foru Aldundiarekin koordinatzen direnez, parte-hartzaileek leku horietako gazteak ezagutzeko aukera dute.

2021ean, Foru Aldundiak guztira 1.075 plaza eskainiko dizkie Gipuzkoako haur eta gazteei: Udalekuak programarekin 728 eta Gazte Oporraldietan 347. Plaza horien % 5 hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonentzat izango dira. 

Aurtengo kanpaina uztailaren 1ean hasiko da eta amaitu, Udalekuak uztailaren 29an eta Gazte oporraldiak abuztuaren 7an. Izan ere, haurren kasuan egonaldi guztiak 7 egunekoak izango dira, baina gazteenak 7, 10 edo 12 egunekoak. Txanda horietako batzuk, Udalekuen kasuan, euskaraz izango dira eta beste batzuk bi eletan; eta Gazte Oporraldietan, berriz, batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz.

Nolanahi ere, txanda laburragoak edo luzeagoak izan, euskaraz zein ele bitan, leku batean naiz bestean, guztietan mota ezberdinetako ekintzez osaturiko programazioa izango da, hau da, ekintza hezigarriak, esperientzia aberasgarriak, aisialdikoak, kirolak, kultur bidaiak eta taldeko ekintzak.

Izena bakarka edo gehienez ere hiru laguneko taldetan eman daiteke, apirilaren 13tik 20ra. Internet bidez, Udako Programen Bulegoan, edo kanpainan parte hartzen duten udal-bulegoetan.

Zozketa jendaurrean eta notario aurrean egingo da, apirilaren 27an. Arratsalde horretatik bertatik jakinaraziko dira emaitzak kanpainan parte hartzen duten bulegoetan eta Interneten. Zozketan plaza lortu dutenek apirilaren 28tik maiatzaren 6a bitartean dute izena behin betiko emateko epea.

Hemen dituzue argibide guztiak:

Udalekuen kanpainako web orria:

www.gipuzkoa.eus/udalekuak

Gazte oporraldien kanpainako web orria:

www.gipuzkoa.eus/go