Atzealdea Bihartik aurrera Gipuzkoan Gazte Digitala Youtuben

Gazteek gazteentzat egindako 15 minutuko WEB-TVak ostegunero hartuko du lekua plataforman

2021/09/08


Irailaren 9tik aurrera gazteentzako irekiko den leiho berri bat da Gipuzkoan Gazte Digitala. Youtuben lekua hartuko badu ere, Instagramen ere partekatuko dira edukiak, erantzun handiagoa izan dezaten. Besteak beste, teknologia, zientzia, musika, sare sozialak, planak, gomendioak kontzertuak edo tutorialak elkarbanatuko dira publikoarekin.

 

2020ko abenduan proiektu pilotua jarri zen martxan gazteekin zuzeneko interakzioa sortzeko helburuarekin. Gainera, haien beharrak eta gustuak aztertu eta hurbiletik ezagutu nahi izan ziren, beraiekin informazioa partekatuz. Asmo horrekin etorri da programaren edizio hau ere.

 

Aipatu bezala, elkarrizketez zein bestelako atalez osatuta egongo da Gipuzkoan Gazte Digitala. Lehen lau saioetako gonbidatu nagusiak, esaterako, Irene Caminos, Mikel Perez Artola, Egoitz Txurruka eta Twin Melody izango dira. Solasaldiez gain, ordea, entretenimenduzko beste atal batzuk ere izango dira: “Berasa chill Cooking” sukaldaritza-atala, Interneteko irudi ikusgarrienak bilduko dituen “Sarean”, Leire Letu musikariak gidatutako musika-gomendioen tartea edo “TEK”, teknologiari lekua egingo dion espazioa.

 

Ikusleak ere izango du bere garrantzia; izan ere, etengabeko gonbidapena egingo zaio publikoari proiektuarekin bat egiteko. Horrela, aurrerantzean edonork proposatu ahal izango du bere burua hurrengo saioetako elkarrizketatu gisa. Horretarako, nahikoa izango da sareetan #Gipuzkoangazte edo #GGDigitala traolak erabiltzea.

 

Gainera, aktualitatetik ere izango du proiektuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako beste ekitaldi batzuei lekua egiteko ere balioko baitu, tartean Gipuzkoangazte Tour kontzertuei eskainitako GGD saio-sorta berezia.

 

Hona hemen 2021eko Gipuzkoan Gazte Digitalaren aurrerapen bideoa:

 

 

 

Informazio gehiago

 

 

Jarraitu gure sareak