Atzealdea Elkarrizketa: Storytelling

Istorio bat kontatuz, komunikatzeko eta limurtzeko artea da Storytelling-a. Narrazio teknika honen helburu nagusia da ikusleak hunkitzea. Alvaro Andoin aditua da bideoak sortzen eta smartphonetarako eduki eta istorioak sortzen, batez ere, sare sozialetan zabaltzeari begira.

2018/05/27


Martxoan hasi eta apirilera arte, Kultura Digitalaren Astea ospatu da Gipuzkoako hainbat herritan. Adin guztietako pertsonentzako tailer desberdinak antolatu dira, horien artean, gazteentzako Storytelling: ikasi bideo eragarkarriak egiten.

ISTORIOEN GARRANTZIA

Urte asko daramatzazu bideo-munduan lanean, zein izan da arlo horren bilakaera?

Bideoak baditu hamarkada batzuk komunikabide gisa. Berrikuntza da lehen bideoa erabiltzaile profesional gutxi batzuen eskura zegoela; orain, aldiz, edonork ekoitzi dezake bideo bat bere smartphone-arekin eta sare sozialen bitartez zabaldu. Bideoa demokratizatu egin da. Gainera, sare sozialei esker, bideo “aberastuko” mota eta genero berriak ari dira sortzen, esate baterako, Instagram Storie-n ikusten duguna bezalakoak: bideoa eta testua edo argazkiak, geolokalizazioa, emotikonoak, traolak, etab. nahasten dituzten ikus-entzunezko piezak.

Storytelling teknika puri-purian dago. Publizitatean ez ezik gizarte sareetan ere indar handia du. Kontaiguzu nondik datorren teknika hori eta zertan datzan.

Storytelling istorioak kontatzeko artea da, gizakiok antzinatik egin duguna. Istorioak esperientziak dira, partekatzeko formaz aldatzen ditugunak, esanahia transmititzeko eta normalean kaotikoa den gure esperientziari ordena eta zentzua emateko  balio digutenak. Konturatu gabe egiten dugu. Storytelling kontatzen ditugun istorioen nahitako erabilera da. Hori garrantzitsua da storytelling-a inspiratzeko, motibatzeko lankidetza sustatzeko edo balioak transmititzeko erabili daitekeelako, baina baita ere alderantziz, adimenak manipulatu eta engainatzen saiatzeko ere. Nire misioa da lehenerako izan dadin laguntzea.

Zerk egin du Storytelling teknika hain arrakastatsu? Zein izan dira gakoak zure ustez?

Storytelling hitza oso ezaguna da telebistako iragarkiei eta Pixarren filmei esker. Hala ere, testuinguru informaletan kontatzen diren istorioak oharkabean geratzen dira eta ez dute garrantzi gutxiago. Nik istorio txiki deitzen diet; erronka bati aurre egiten diogunean geure buruari kontatzen dizkiogun istorioak dira, lagunekin gaudenean edo lankideekin kafea hartzen ari garenean kontatzen ditugunak. Asko hitz egiten da istorioak kontatzeaz, baina benetan egiten ikasi nahi baduzu, garrantzitsua da kontatu aurretik entzutea praktikatzea eta kontatzen ari diren istorioetan arakatzea. Horrek pista batzuk emango dizkigu testuinguru bakoitzean pertsonentzat garrantzitsua denaz, ezkutukoa denaz...

EDUKIAREN GARRANTZIA

Teknika honen mamia edukiak du. Nola jakin genezake ideia batek funtzionatuko duen? Badago kontuan izateko patroiren bat?

Zure istorioarekin zein ideia transmititu nahi duzun jakitea garrantzitsua da, baina ideia hori ulertzen zaila den kontzeptu abstraktua izan ez dadin, benetako pertsona baten esperientziaren bitartez transmititu behar duzu. Erakartzen eta konektatzen gaituztenak ez dira ideiak, horiek bizi dituzten pertsonak baizik, horiengatik egiten dutena eta guk horretatik ikas dezakeguna. Esan ohi da istorio bat norbait dela, nonbait, arazo batekin.


Zein gomendio emango zenituzke bideo bat egiteko garaian? Iraupena, efektuak, gidoia, prozesuan zehar azaltzen diren trabak nola gainditu...?

Lehenik eta behin, zein formatutan kontatu nahi dudan pentsatuko nuke, zer kontatuko dudan baino lehen. Arreta ez nuke jarriko besteak esaten ari diren horretan, aitzitik, zein modutan esaten ari diren aztertuko nuke. Nola ari dira hitz egiten Instagram Stories-en? Zein tonu erabiltzen dute? Zer transmititzen dute? Kontatu aurretik entzun egin behar da. Kontatzen dena entzun, esaten den entzun, eta nola esaten den entzun. Kontatu aurretik entzuten ez baduzu, “nola mando bat portzelana-dendan” sartzeko arriskua duzu, eta gerta daiteke kontatu nahi duzunak zerikusirik ez izatea entzuleek bilatzen dutenarekin.

Horren ondoren, nire entzuleengan pentsatuko nuke, beharrak, gurariak eta gatazkak dituzten pertsona gisa. Istorio bat abesti bat bezalakoa dela pentsatu behar da, jakin behar duzu nori kantatzen diozun. Guztiak aseko dituen istorio bat kontatzen saiatzen garenean, istorioaren fokua galtzen dugu eta mamirik gabe geratzen da.

 

BIDEO-PRODUKZIO/EDIZIOAREN DEMOKRATIZAZIOA

Bideo semiprofesional/profesional bat egiten laguntzen duten App ugari daude. Zeintzuk gomendatuko zenituzke?

Gaur egungo smartphone-en kamerek kalitate bikaina dute. Askok, gainera, eskuz doitu daitezke argazkiak eta bideoak kamera profesional batekin bezala egin ahal izateko. Grabatzeko ez duzu behar inolako aplikazio gehigarririk. Aplikazioetan dirua gastatu ordez, nik planotan pentsatzen, zer-nolako planoak grabatu ditzakezun ikasiko nuke, eta halakoak grabatuz praktikatuko nuke. Bideoak editatzen ere denbora pasatuko nuke. Editatzea da soberan dagoena kentzea eta esan nahi duzuna ordenatzea, material ahalik eta gutxienarekin esateko. Egiten ari zarenak aspertu egiten bazaitu, seguru asko zure entzuleak ere aspertuko ditu.

Adibide on batzuk azaldu, mesedez.

Entzuten jartzen zarenean, ohartzen zara askok informazioa eta iritziak partekatzen ditugula, baina istorioak ez hainbeste. Niri gehien balio izan didana da istorio bat zer den identifikatzen ikastea (norbaitek, nonbait, arazo bat du…) eta istorioak kontatzen dituztenengandik ikastea. Gogora ezazu bere esperientziak azaltzeko istorioak eta anekdotak kontatzen dituen senide, lagun edo lankide hori. Nire aholkurik garrantzitsuena da zure ingurukoek kontatzen dituzten istorioak identifikatzen ikastea.


Oraindik badago jendea gai honetatik urrun dagoena edo zer kontatu hori identifikatzeko zailtasunak dituena. Nola animatuko zenuke pertsona bat bere bizitzari buruzko istorioa edo beste gairen baten ingurukoa bideo bidez konta dezan?

Esango nioke, hasteko, bere esperientziaz hausnartzeari denbora eskaintzeko, uste duena baino garrantzi handiagoa duelako. Bada jolas bat asko gustatzen zaidana: pentsa norbaiti nor zaren azaldu behar diozula istorio baten bitartez. Gogoratu zure bizitzan gertatu diren bizpahiru gauza, gaur egun zaren hori bilakatu zaituztenak. Orain idatz itzazu paper batean. Begiratu zer idatzi duzun, elementu komunik, eredurik, istorio pertsonal horien ondorioz zuri buruzko zerbait ona transmititzen duen zerbait ba ote den. Nahi baduzu, partekatu ezazu konfiantzazko norbaitekin, eta galdetu iezaiozu zer transmititzen duen zuk kontatutako istorioak. Lortzen duzun feedback-arekin pentsatu nola moldatuko zenukeen kontatu nahi duzun hori nor zaren azaldu behar diozun pertsonarentzat eta egingo duzun kontaketaren testuingururako.

 

KULTURA DIGITALAREN SUSTAPENA

Gipuzkoako Foru Aldundia hainbat ekimen egiten ari da kultura digitala sustatzeko: Instant1ean, udaleku teknologikoak, Kultura Digitalaren Astea, etab..

Zuek azken honetan parte hartu duzue, hain zuen, (familia, nerabe, gazteei, guraso eta profesionalei) tailerrak eskainiz. Zer deritzozue erakunde publikoak Kultura Digitalaren Astea bezalako ekimenak egiteari?

Storytelling-a asko erabiltzen da publizitatean edo jendaurreko aurkezpenak egiteko orduan, baina askoz ere gehiago da. Garrantzitsua iruditzen zait erakunde publikoek storytelling-eko tekniken praktika sustatzea, halakoen bitartez edonork bere esperientziari garrantzia ematen ikasteko eta horrek istorio aberatsagoak eta anitzagoak ekar ditzan. Kontatzen ditugun istorioek forma ematen diote gure munduari eta horregatik da garrantzitsua kontatzen ditugun istorioek benetan nahi dugun mundua islatzen duten ala ez ohartzea.