Atzealdea “Emantzipa... zer?” Gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategiari gazteen ikuspuntua gehitzeko saioa

Euskadiko Gazteria Kontseiluaren lantaldeak gazteei deialdia zabaltzen die otsailaren 1ean Bilbon egingo den bileran parte hartzeko

2023/01/30



Gazteen kezka eta erronka handienetako bat emantzipazioa da. Etxebizitzen prezio altuak eta soldata baxu/mugatuak asko zailtzen dute gazteak 30 urte bete baino lehen independenteki bizitzea (Europako gazteriarekin alderatuta, lau urte geroago bataz beste).

Etxebizitza eskuratzeko zailtasunek desberdintasun handiak eragiten dituzte gazteen artean; adibidez, haien bizi-proiektua garaiz garatzea mugatu egiten dute. Duela hilabete batzuk, Eusko Jaurlaritzak 2030erako Emantzipazioaren Euskal Estrategia aurkeztu zuen, gazteen emantzipazioa bultzatzeko. Helburua da 2030 urterako emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtetara murriztea eta 25-29 urte bitarteko emantzipazio-tasa handitzea.

Gazteriaren Euskal Kontseiluak (EGK) urteak daramatza egoerari buruz ohartarazten eta gazteen emantzipazioa hobetzeko proposamenak egiten. Horregatik, “Emantzipa… zer?” izeneko lantaldea sortu du legeari ekarpenak egiteko, eta gazteak bertan parte hartzera gonbidatzen ditu:

Datorren otsailaren 1ean bilduko da lantaldea eta,besteak beste gazteentzako mailegu-sistema publiko bat, etxebizitza kolaboratiboen sustapena, edota etxebizitza publikoan gazteentzako kupoak handitzea dira hizpide izango dituzten gaiak. 2030erako Emantzipazioaren Euskal Estrategia eztabaidatu, aztertu eta ekarpenak ere egingo dira. Edozein gaztek parte har dezake:

  • Lekua: EGKren Bilboko egoitza (Autonomia kalea, 44)

  • Data: Otsailak 1, asteazkena

  • Ordua: 16:30

EGK-k jakinarazi du lantaldearen bilerara joaten diren gazteei ordainduko dizkiela garraio-gastuak, eta online parte hartzeko aukera ematen diela joaterik ez dutenei.

 

”Emantzipa… zer?” bilerari buruzko informazio guztia

 

 

 

Jarraitu gure sareak