Atzealdea Foro bat Gipuzkoako gazteentzat

Hausnarketarako eta ekintzarako foro bat ireki du Ingurumeneko Departamentuak

2021/06/08


Pasa den astean aurkeztu zuten José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak, eta, Mónica Pedreira, Ingurumeneko zuzendariak ingurumen-politikak gazteekin kontrastatu eta egokitzeko lehen euskal foroa. “Etorkizuna Eraikiz” programaren barruan, Green Recovery Think Tank proiektuaren parte da foroa, eta datozen belaunaldiei hausnartzeko, kontrastatzeko eta entzuteko gune bat sortzea du helburu.

 

José Ignacio Asensio Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuaren hitzetan, “orain hartzen ditugun erabakien menpe egongo da gure gazteen bizi-kalitatea, eta horregatik da beharrezkoa haiekin batera lan egitea gizarte berde eta jasangarria berreraikitzen”. Urtebeteko lan-plana du foroak, eta profil desberdineko 18 eta 30 urte bitarteko Gipuzkoako 11 gaztek parte hartuko dute bertan, modu aktiboan. Foroan klima-krisiarekin sentsibilizatuta dauden elkarte nagusietako ordezkariek hartzen dute parte.

 

Gipuzkoan 100.000 gazte daude, Gipuzkoako biztanle guztien %15a, eta Eurobarometroaren azken inkesten arabera, gazteen %67k adierazten du datozen urteetan klima-aldaketaren aurkako borrokak eta ingurumena babesteak izan behar dutela Europako Batzordearen lehentasun politiko nagusietako bat.

 

Bestalde, gazteen langabezia-datuak %25 ingurukoak dira, eta Asensioren arabera, “krisi klimatikoa krisi sozial, ekonomiko eta bizi-ohituren isla da”. Gainera, “ekintza klimatikoa gure eredu sozial eta ekonomikoak eraldatzean hasten da eta, erronka klimatikoari heltzen dion heinean, etorkizun jasangarri eta kalitatezkoa bermatzen du gazteentzat”.

 

Klima-aldaketari buruzko eta, neurri egokiak hartu ezean, horrek gure lurraldean utziko dituen gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-ondorioei buruzko foro hau abian jarrita, Ingurumeneko Departamentuak gazteen ahotsa eta ahalmena areagotzeko konpromisoa hartu du.

 

 

 

Jarraitu gure sareak