Atzealdea Gazteak Auzolanean diru-laguntzak: maiatzaren 31 izango da proiektu-proposamenak aurkezteko azken eguna

18-30 urte bitarteko gazteek aukera dute taldean sortutako ideia bat errealitate bihurtzeko

2019/05/28


Maiatzaren 31 izango da “Gazteak Auzolanean” izeneko diru-laguntza deialdira egitasmo-proposamenak aurkezteko azken eguna. Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko gazteei lagundu nahi die, taldean burututako egitasmoak gauzatu ditzaten. Gutxienez 18 eta 30 urte bitarteko hiru pertsonez osaturiko taldeek parte har dezakete deialdian. Taldeek proiektua gauzatzeko lortu dezaketen diru-kopuruaren gehienezko zenbatekoa 5.000 eurokoa izango da, eta gutxienekoa, 1.500 eurokoa.

Egitasmoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

•             Irabazi asmorik gabekoak izatea.

•             Urte betean garatzekoak.

•             Hurrengo arloren batean edo batzuetan oinarritutakoak:

a. Proiektu artistikoak edota kultural komunitarioak. 

b. Ingurunearen zaintza eta jasangarritasuna aintzat hartzea.

c. Genero-berdintasuna, euskara, kulturartekotasuna, elkartasuna eta beste alorretan oinarritutako gizarte edo komunitatearen eraberritze-proiektuak.

Eta deialdi honetara iristen ez bagara?

Ez da kezkatu beharrik. Gipuzkoako Aldundiak Gaztegune Plus zerbitzu berria ireki berri du, gazteen proiektuak aurrera eramatea helburu duena. Aholkularitza, prestakuntza eta diru-laguntzak bilatzeko laguntza eskaintzen duenez, aukera egokia da proiektuei behar duten bultzada emateko. Hortaz, ideia bat baduzue, ez ezazue aukera galdu eta hurbildu zaitezte.

Sakatu hemen Gaztegune Plus zerbitzuari buruz gehiago jakin nahi baduzu.