Atzealdea Gazteen ahalduntzea: eredu pedagogikoa (Pere Soler)

2019ko abenduaren 12an, Gazteen Ahalduntzeari buruzko solasaldi bat egin zen Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostian. Bertan, haur, nerabe eta gazteen arloko profesionalak eta ikasleak bildu ziren.

2020/01/14


Solasaldiren helburua zen gazteak ahalduntzeko eredu pedagogikoaren teorizaziora hurbiltzea. Horretarako, Gironako Unibertsitateko irakasle Pere Soler Maso gonbidatu zuten. Hark, gaia lantzeko baliabideak eta gakoak eskaini zituen bere hitzaldian.

Solasaldia baliatuz, Pere Solerekin egon gara, gazteen ahalduntzearen kontzeptu horretan sakontzeko asmoz. Elkarrizketa honetan Solerrek gaia hobeto ezagutzeko zertzelada batzuk eman dizkigu.

 

Aditu honen esanetan, gazteak ahalduntzea da botere hori haien eskuetan jartzea. Ez bakarrik beren bizitzan eragina duenari dagokionez, baita beraiek kide diren komunitateari eragiten dion horretarako ere, komunitateak dituen erabakiak hartzeko guneetan parte hartuz.

HAUR, NERABE ETA GAZTEEN ARLOKO PROFESIONALAK

Administrazioak botere-transmisio hori bideratzeko, ezinbestekoa izango da gazteen alorreko gaietan lanean ari diren profesionalak prestatzea eraginkorrak izan daitezkeen trebetasun, prozesu eta estrategietan.

Horrela lortuko da gazteei boterea ematea, gazteak beren emantzipazio-prozesuetan, beren helduarorako trantsizio-prozesuetan protagonistak izatea, eta gaitasunak garatzea.

ADMINISTRAZIOAREN FUNTZIOA GAZTEEN AHALDUNTZEAN

Pere Soleren ustez, administrazioak ez du ahaztu behar proiektuak gazteenak direla. “Eta onartu egin beharko du bigarren mailan geratu behar duela: protagonismoak ez du egon behar administrazioaren anagraman, aitzitik, lehen mailan gazteen anagramak egon behar du; argazkiko protagonista nagusia gaztea izango da, ez administrazioa”.

GUNE FISIKOAK ETA BIRTUALAK

Bestalde, gazteak ahalduntzeko gune fisikoak eta birtualak sortu behar direla dio. “Egokia da espezifikoki gazteentzako diren lekuak sortzea, baina baita ere belaunaldi artekoak, horietan boterea benetan banatu eta praktikan jarri behar baita; eta azkenik, beharrezkoak dira gazteek beraiek kudeatutako espazioak ere”.

Bere iritziz, eredu guztiak dira egokiak, baina beti, unean uneko eta tokian tokiko errealitate zehatzaren diagnostiko batean oinarrituta. Kasuan kasu, dagokion herri komunitate, lurralde, eskualde edo nolanahiko horren diagnostikoa egon behar da, eta horrek jarri behar ditu oinarriak justifikatzeko eredu horietatik lehentasunezkoa zeinek izan behar duen eta bigarren edo hirugarren mailakoa zein den.

HEBE PROIEKTUA

Pere Soler HEBE proiektuaren sortzaileetako bat da. Proiektu honen ardatza gazteen ahalduntzeari buruz ikertzea da, eta gazteria-esparruko hezitzaileen eta profesionalen ikuspegitik garatzen da.

Hitzaldian proiektuaren webgunea aurkeztu zuen. Bertan, gazteen ahalduntzeari buruzko albisteaz gain, proiektu orokorrari buruzko informazioa biltzen da (artikuluak, tesiak, liburuak…).

WEB-ORRIA:  HEBE PROIEKTUA