Atzealdea Gazteen emantzipazioa sustatzeko dirulaguntzak Gipuzkoako gazteentzat

Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun diru-laguntzaz gain, Gipuzkoako zenbait udalek ere gazteei dirulaguntzak ematen dizkiete etxebizitza alokatzeko.

2020/09/15


Bizitza-proiektu autonomoa egin ahal izateko gazteen oinarrizko nahietako bat da emantzipazioa. Hori dela-eta, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunen jakitun, gazteen emantzipazioa sustatzeko ahaleginak egiten dihardute administrazioek.

Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, duela urte batzuk martxan jarri zuen Gaztelagun programa. Haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 18-35 urte bitarteko gazteek etxe-alokairua ordaintzeko laguntza eska dezakete. Hilero alokairu-errentaren ehuneko bat ordaintzen da, etxebizitza librea bada eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta badago. Horretaz gain, eskatzaileek honako beste baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Urtebetez EAEn etenaldirik gabeko egoitza izatea.
  • Etxebizitzaren jabe ez izatea.
  • Errenta-kontratuaren titularra izatea.
  • Etxebizitza ohiko egoitza iraunkorra izatea.
  • Etxebizitza alokatzen duen pertsonarekin ez izatea 3. mailara arteko familia-lotura.
  • Errenta banku-transferentziaren bitartez ordaintzea.
  • Diru-laguntza banaka eskatzen dutenek 18.000 euroko edo gutxiagoko diru-sarrerak izatea; familia-unitateek, bere osotasunean, 24.000 euroko edo gutxiagoko diru-sarrerak izatea eta azkenik, familia ugariek, 28.000 euroko edo gutxiagoko diru-sarrerak izatea.

Alokairurako laguntza-programak Gipuzkoako hainbat udalerritan

Udal mailan, bestalde, proposatutako neurrien artean, alokairurako laguntza-programak dira une honetan formularik erabiliena. Errepasa ditzagun Gipuzkoako zenbait udalerritan gazteen emantzipazioa sustatzeko zabalik dauden dirulaguntza batzuk:

  • Errenteria: Udalak bertako gazteak emantzipatzea errazteko dirulaguntza lerro bat jarri du abian. Etxebizitza alokairu-erregimenean hartzeak 2020an ekarri dituen gastuei aurre egiten laguntzea du helburu, ordainketa bakarra izanik. 18-35 urte bitartekoei zuzentzen zaie eta urriaren 30 arte zabalik egongo da eskaera egiteko aukera. Hemen aurkitu dezakezu informazio gehiago.
  • Andoain: Buruntzaldeko Udalak alokairu-errentaren %20tik %50era bitarteko dirulaguntzak emango ditu, gehienez 250 eurokoak, diru-sarrera gordinen arabera. Deialdia azaroaren 6ra arte egongo da zabalik. 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie.
  • Oñati: Eskatzaileen adin-tartea handitu da aurtengo deialdian eta 18 eta 35 urte bitartekoek eska ditzakete etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak. Urriaren 16ra arte zabalik.
  • Azpeitia: Kolektibo ezberdinei (18-35 urteko gazteak barne) zuzendutako etxebizitza alokatzeko dirulaguntzak urriaren 15era arte egongo dira irekita.
  • Bergara: Ohiko egoitza izateko alokairu-erregimenean etxebizitza bat duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei etxebizitzaren alokairuaren zati bat ordaintzea du helburu dirulaguntza honek. Eta zabalik da abenduaren 31ra arte.