Atzealdea Gazteen emantzipaziorako eredu berriak aztertzeko topaketa egingo dute Donostian

Gazteek, politikariek eta teknikariek parte hartuko dute azaroaren 7an Tabakaleran egingo den “Milaka Elkarbizitza” topaketan. Pisu solidarioak, belaunaldi arteko bizikidetza-ereduak, alokairu soziala edo etxebizitza-kooperatibak izango dira aztergai

2019/10/29


 

Azken datuen arabera, Donostiako etxebizitzen alokairuen prezioak gora doaz; hain zuzen ere, batez besteko alokairua 1.305,2 €koa da. Hori dela-eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Donostia Gazteriak eta Eusko Jaurlaritzak 'Milaka elkarbizitza' topaketa antolatu dute azaroaren 7an, 17:30ean, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Eman izena hemen!

Topaketaren helburua da gazteen emantzipaziorako eredu berriak eta beste beste herrialde batzuetan dagoeneko zabalduta dauden formulak aztertzea: hala nola, alokairu soziala, pisu solidarioak, etxebizitza-kooperatibak eta belaunaldien arteko elkarbizitza.

Bestalde, Gipuzkoan, Donostiako Udalak garatu duen gazteentzako etxebizitza-programa aurkeztuko da. Era berean, jada abian dauden eredu berritzaileak jorratuko dira, esate baterako, Usurbilgo Txirikorda proiektua. Egitasmo honen helburua da gazteek emantzipatzeko dituzten oztopoei eta adin nagusiko pertsonek alokairuak ordaintzeko dituzten zailtasunei batera erantzutea.

Iaz antzeko jardunaldi bat egin zuten eta horren jarraipena izango da aurten Tabakaleran egingo duten topaketa. Iazkoan, gentrifikazioak eta turistifikazioak alokairuetan eta gazteen emantzipazioan duten eragina aztertu zen.

Izen-ematea Donostiako Udalaren webguneko galdetegia betez, 688 73 70 92 telefono zenbakian Luisagatik galdetuz edo etxebizitza@egk.eus helbidera idatziz eman daiteke.

 

Bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=fV2eeJ4Bf-w

 

Iturria: Euskadiko Gazteria Kontseiluak (EGK)