Atzealdea Gaztematika: 4 urteko laburpena

Pasa den ikasturtean, Gaztematikaren 10. plana garatu dugu, amaitu berria den legegintzaldiko laugarrena eta azkena. Horregatik, legegintzaldi honen laburpena aurkeztu nahi dizuegu, lau urte hauetan emandako aurrerapausoak nabarmenduz.

2019/07/18


Uztailaren hasieran Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloko profesionalak bildu ginen datozen lau urteotako erronkak zehazteko eta etorkizuneko helburu komun batzuk lortzen lagunduko digun plangintza osatzeko.

Oraingoan ere sareak haur, nerabe eta gazteentzako zerbitzuak indartu nahi ditu, haurren eta gazteen sustapeneko eragileen artean eta beste arloekin ere elkarlanean aritzeko guneak sortzeaz gain.

 

Laburpen honetan azken lau urteetako lorpen garrantzitsuenak bildu ditugu:

Gaztematikaren gobernantza politikoa aurrera

Foru Dekretua

Gaztematikak araudi bat izatea lortu da, Foru Dekretu baten bitartez. Honek aitorpen juridikoa eman dio sareari eta, bide batez, zer den, nork osatzen duen, zein helburu dituen eta nola funtzionatzen duen xedatzen du.

Bestalde, Gaztematikaren helburuetako bat da haur, nerabe eta gazteen herritartasun aktiboa sustatzea eta horretarako haien parte-hartzea bideratzea. Horren harira, azpimarratzekoa da haurrekin partaidetzazko prozesuak garatzeko asmoa zuten udalerriei laguntzeko egindako lana.

Beste erakundeekin lanean

Tabakalera-  EHU/UPV - Gazteen Euskal Behatokia -  Aldundiko beste zerbitzuak

  • Lehenik eta behin, TABAKALERAkin  izandako koordinazioa aipatu behar da. Elkarlan honen emaitza hainbat udalerrirekin nerabeentzat garatutako proiektu bat izan da.
  • Bigarrenik, aipamena egin behar zaio Euskal Herriko Unibertsitateko Pedagogia, Filosofia eta Antropologia Fakultatearekin etengabe egiten ari garen koordinazio-lanari. Elkarrekin zenbait proiektu garatzen ari gara eta zenbait irakaslerekin ere lankidetzak ditugu.
  • Hirugarrenik, Gazteen Euskal Behatokiarekin dugun koordinazioari dagokionez, harremanari eutsi nahi diogu eta lankidetza bideratzeko aukerak aztertzen ari gara.
  • Bestalde, Eusko Jaularitzaren Gazteria Legearen proposamenari egindako segimendua ere nabarmendu nahi dugu. Izan ere, Gaztematikak erantzun bateratua eman dio proposamen horri.
  • Aldundian Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzarekin eta Berdintasunekoarekin egindako lana azpimarratu nahi dugu, horrek ahalbidetu baitigu informazioa erraz trukatzea eta elkarrekin zenbait proiektu garatzea, toki mailan eta lurralde mailan.
  • Aldundiko Partaidetza Zerbitzuarekiko koordinazioa berreskuratu dugu eta, horri esker, informazioa trukatu dugu martxan dauden proiektuei eta gure ikuspegi desberdinei buruz.

Gaztematika zabaltzea

Sarearen ikusgaitasuna eta eragina hobetu

Azken lau urteotan ahalegin berezia egin dugu haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloan egiten dugun lana zabaldu eta gure hartzaile zuzenengana iristeko. Horretarako bide desberdinak martxan jarri dira.
 

Udalei komunikazio-arloko aholkularitza, prestakuntza-saioak eta baliabide bereziak  eskaini zaizkie.

Era horretan, Gaztematika sarean udalekin batera lantzen ditugun programa, ekintza edo kanpaina bereziak beren herrietan zabaltzen lagundu zaie.

Horrez gain, haur, nerabe eta gazteen alorreko ezagutzaren iturri eta bilgune bilakatzeko erronka genuen. Horren haritik, plataforma berri bat diseinatu eta martxan jarri dugu legegintzaldi honetan barruko eragileen komunikazioa eta sare-lana hobetzeko.
 

Kanpoko komunikazioari dagokionez, legegintzaldi hau funtsezkoa izan da gure lan-eremuan komunikazioan indarrak jartzeak duen garrantziaz jabetzeko.

Lau urte hauetan Gaztematika zabaltzeko egin den ahalegina baliagarria izan da gure lana erakusteko, gure eragina handitzeko, harremanak gehitzeko eta  gizartearengana iristeko.
 

Era berean, Gaztematika sarearen ikusgaitasuna hobetzeko programa eta ekintza guztien komunikazioa landu da.

Ildo horretan, nabarmentzekoa izan da haurtxoko eta gaztelekuetako protagonista nagusiekin (haur, nerabe, gazte, profesional  eta gurasoekin)  egindako kanpaina.
 

Zerbitzuak indartzen

Haur, nerabe eta gazteentzako zerbitzuak indartzen

Haur, nerabe eta gazteentzako zerbitzuak sustapenaren arloan esku hartzeko tresna nagusia izanik, indar berezia jarri dugu hauek indartzen. 

  • Hori lortzeko ezinbestekoa da hezitzaileen  profesionalizazioa , eta hori bultzatzeko bi bide erabili dira: prestakuntza eta profesional horien lan-baldintzak hobetzea. 
  • Gazteentzako Balio Anitzeko Zerbitzuaren definizioa legegintzaldi honetako zeregina izan da. Bide honetan hainbat proiektu pilotu jarri dira martxan.  Azkena Gaztegune+ zerbitzu berria da, Gipuzkoako Foru Aldundiak 18-30 urte bitarteko gazteei eskaintzen diena.  Honek esperimentatzeko gunea izan nahi du. Gazteek beraien ideiak garatu ahal izateko lekua. 
  • Lau urte hauetan haurrentzako eta nerabeentzako udal-zerbitzuen egoera aztertu da, udalerri bakoitzean zerbitzuak garatzeko prozesu bat diseinatzeko. Gainera, metodologia bat zehaztu dugu Gaztematika osatzen duten herrietako haur eta nerabeentzako zerbitzuek egin beharreko aldaketa-ibilbidean laguntzeko. Proiektu pilotu batzuk martxan jarri dira eta sarearen helburua da pixkanaka sareko zerbitzu guztiek aldaketa egitea.
  • Herri txikietan haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloaren eskaintza hobetzeko proposamenak landu dira, horien garapena errazteko.
  • 16 eta 18 urte arteko gazteentzako proiektu bat diseinatu eta  proiektu pilotu bat martxan jarri da. Esperientzia oso aberasgarria izan da, eta proiektuaren oinarri ziren hipotesiak zuzenak ziren edo ez egiaztatzeko balio izan digu. Aldaketa batzuk egin ondoren, eta bidean ikasitako guztiarekin, 16 eta 18 urte bitarteko eskaintza diseinatzen jarraituko dugu, aukerak hobetu eta sendotzeko.
  • Legegintzaldi honetan herritartasun digitalaren gaia landu da zerbitzuetan jorratzeko.Era askotako ekintzak garatu dira: Instant1ean programa, lehiaketak, LikeZibereskubideak kanpaina, Kultura Digitalaren Astea hainbat herritan… Ekintza horiez gain, zenbait tailer eta hitzaldi antolatu dira. 
  • Amaitzeko, Inspira Steam proiektua  egokitu da gaztelekuetan garatzeko. Orain arte, proiektu hau ikastetxeetan landu da eta, beraz, gure erronka esparru ez formalera egokitzea zen. Esperientzia oso interesgarria izan da. Bost gaztelekutan abiarazi da proiektua.

Langileen profesionalizazioan aurrera

Prestakuntza planak + Praktika onak

Haur, nerabe eta gazteen arloko teknikari eta hezitzaileen prestakuntza-premiei erantzuteko prestakuntza-planak diseinatu dira. 

Plan hauek garatzeko, kontuan hartu dira profesionalen funtzioak eta Gaztematikaren printzipioak eta balioak.

Prestakuntza-plana ezinbesteko tresna  da profesionalen ezagutza eta kualifikazioa bultzatzeko. Hori dela-eta, lan egingo da arloko profesionalen beharrei eta legegintzaldi berrirako zehaztu diren erronkei erantzuteko.

HNGen sustapeneko praktika onen katalogo bat ere osatu da, profesionalen ezagutza eta kualifikazioa bultzatzeko eta profesionalen artean ideia berriak sortu eta gogoetak partekatzeko asmoz.

 

Gaztematikaren eragina

Haurrak, nerabeak eta gazteak ebaluazioetan

Oinarrizkoa da haurrak, nerabeak eta gazteak ebaluazioetako prozesuetan sartzea, zuzenean eta eraginkortasunez. Horregatik, legegintzaldi honetan ebaluazioetan haurren eta nerabeen iritziak jasotzeko modua sistematizatzeko lan egin da, azken helburua lortzeko urratsak emanez.

 

 

Nahiago baduzu informazioa pdf-n jaitsi dezakezu:

LABURPENA [PDF]

 

ESKERRIK ASKO!!!

Ikasturtea amaitzearekin batera, eskerrak eman nahi dizkizuegu sare honen parte zareten guztioi eta, jakina, bidean lagundu diguzuen beste  eragile guztiei ere.