Atzealdea

Gaztematika Sareak hasiera eman dio ikasturte berriari

Urriaren 7an egin zen 2021-2022 ikasturte honetako teknikarien lehenengo foroa

2021·10·08


 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek lurraldeko haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sortutako sare publikoa da GAZTEMATIKA. Une honetan, lurraldeko 89 udalerrietatik 75 dira bertara atxikita daudenak.

 

Sare honen helburua da gipuzkoarrei beren haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan laguntzea, pertsona autonomo gisa beren biografia eraiki dezaten.

 

Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloko udal-teknikariak eta Foru Aldundikoak urriaren 7an bildu ziren, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. 2021-2022 ikasturteko lehenengo foro teknikoa izan da, eta bertan, haurren eta gazteen sustapen-arloan lan egiten dutenek beren ezagutzak partekatu eta hasi berria den ikasturteko plana adostu zuten, abian jartzeko. Hala, aurtengo ildo estrategikoen (ongizatea sustatzea, berdintasuna, herritartasun aktiboa eta kudeaketa bultzatzea) eta horien baitan martxan jarriko diren hainbat ekintzaren berri eman dute.

 

Azken bi ikasturteetan bizi izan dutenaren ikuspegia galdu gabe, eta oraindik COVID 19aren eta bere ondorioen eraginpean gaudela kontuan hartuta, Gaztematika Sarearen asmoa da orain, ohiz kanpoko egoera atzean utziz, arian-arian beraien praktikak eta ohiturak berreskuratzea.

 

Ikasturte honetan, besteak beste, Kultura eta Gazteria Departamentuak bereziki gazteentzako diren bekak banatuko ditu Gazteak Auzolanean izeneko egitasmoaren bitartez, Izango Zara programaren barnean. Horien helburua da ingurunea inplikatzen duten talde-egitasmoei laguntzea, interes publikoa duten eraldaketa sozialeko prozesuak bultzatzeko.

 

Bestalde, TREBA gazteak izenpean gazteekin, gurasoekin eta profesionalekin egingo den prestakuntza-lana hainbat udalerritara zabaldu nahi dute, eta planaren barruan atal garrantzitsu bat dela adierazi dute antolatzaileek.

 

Gainera, espazio ez-formalean sexu-hezkuntza lantzeko moduak jarraipena izango du haur, nerabe eta gazteentzako ekintzen bitartez. Eta gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunak ere izango du bere tokia planean.

 

Horrez gain, Gaztematikako profesionalak 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuei buruz sentsibilizatu eta haien artean gaiari buruzko ezagutza sustatu nahi da. Horregatik, lekua egingo zaio Garapen Jasangarrirako Hezkuntza haur, nerabe eta gazteen sustapenaren ikuspegitik lantzeari.

 

Foroa amaituta, martxoak 3rako jarri dute hurrengo hitzordua, planaren garapena hurbiletik ezagutu eta jarraipena egiteko.

 

 

 

Jarraitu gure sareak