Atzealdea Gaztematika Sareak hasiera eman dio ikasturte berriari

Urriaren 8an egingo da erronkaz betetako ikasturte honetako teknikarien bigarren foroa

2020/10/07


GAZTEMATIKA da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek lurraldeko haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sortutako sare publikoa. Une honetan, lurraldeko 89 udalerrietatik 75 dira bertara atxikita daudenak.

 

Sare honen helburua da gipuzkoarrei beren haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan laguntzea, pertsona autonomo gisa beren biografia eraiki dezaten.

 

 

Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloko udal-teknikariak eta Foru Aldundikoak irailaren 10ean bildu ziren, online saio batean, Gaztematikak sare gisa aurten izango dituen erronkei aurre egiteko asmoz.

 

Urriaren 8an, berriz, ikasturteko bigarren foro teknikoa bilduko da, 2020-2021 ikasturtean martxan jarriko duten plana prestatzeko. Bilera horretan haurren eta gazteen sustapen-arloan lan egiten dutenek beren ezagutzak partekatu eta hasi berria den ikasturteko plana adostuko dute, abian jartzeko. Hala, horren baitan martxan jarriko diren hainbat ekintzaren berri emango dute.

 

Era berean, arduradun politikoek ere irail amaieran izan zuten beren foroa, ikasturteko lehena, haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloak bizi duen egoera aztertzeko eta Gipuzkoako profesionalek egungo egoeran aurrera egiteko dituzten baliabideak mahaigaineratzeko.

 

Laguntza integrala 

 

Kultura eta Gazteria Departamentuak laguntza emango die udalei eta entitateei beren haurtxokoen eta gaztelekuen ikasturte-hasieran. Izan ere, Gipuzkoangazte.eus webgunean bildu dira, zerbitzu horiek eta bertako profesionalek Covid-19ak eragindako egoeran lan egin ahal izateko hainbat baliabide lagungarri.

 

Alde batetik, haurtxokoak eta gaztelekuak egoera berrira egokitzeko dokumentu desberdinak jaso dira. Gaztematika Sarearen funtzionamendurako jarraibideak COVID-19aren testuinguruan (2020-2021 ikasturtea) dokumentuan, adibidez, ikasturte-hasieran gerta daitezkeen hainbat egoera, horietan jarraitu beharreko jarraibideak, hezitzaileentzako gomendioak, araudiak eta protokoloak, osasun- eta higiene-neurriak bildu dira.

 

Horrez gain, beste atal bat sortu da haur eta nerabeen sustapen-lana birtualki edo online burutzeko informazioarekin eta hezitzaileentzako Covidaren testuinguruko prestakuntzarekin. Hain zuzen ere, haur, nerabe eta gazteen sustapen-atalek eta horiek osatzen dituzten profesionalek (teknikariek, hezitzaileek, informatzaileek, etab.) ondo antolatutako egitura bat eraikita dute sarearen barnean. Ildo horretan, eragileen maila profesionala sustatu eta hobetzeko asmoz, prestakuntzak antolatzen dira urtero. Besteak beste, duela gutxi osasun arloa eta arlo emozionala jorratzen dituzten bideo-tutorialak eskaini zitzaizkien udako jarduerak antolatzen laguntzeko.

 

Gainera, Aldundiak osasun-arloko materiala ere banatuko die udalei: haurrentzako eta helduentzako 15.000 maskara baino gehiago, gelak, babes materiala eta kontakturik gabeko termometroak. Helburua antolatuko diren jarduera guztien segurtasuna indartu eta bermatzea da.

 

Haurtxoko eta gaztelekuen garrantzia

 

Covid19ak kalte egin die haur eta nerabeen osasun eta emozioei, beren garapen, osasun eta ongizaterako funtsezkoak diren giza kontaktu, aire libre, mugimendu eta bat-bateko jolasik gabe egon baitira hilabete batzuetan. Orain, berreskuratu egin behar dute galdutako lagun, hezitzaile eta ikaskideekiko harremana, arnasberritu. Hori horrela, inoiz baino garrantzitsuagoak eta beharrezkoagoak ditugu haurtxokoak eta gaztelekuak.

 

Jakin badakigu haurtzaroko, nerabezaroko eta gaztaroko prozesuaren eta egoeraren bizipena ez dela familian kudeatzen den arazo pribatu bat bakarrik; aitzitik, gizarte osoaren ardura dira eta, beraz, botere publikoek bere gain hartu behar dituzte horren inguruko erantzukizunak.

 

Horretarako, hezkuntza ez-formala da haur, nerabe eta gazteen sustapenaren bitarteko nagusia. Adin horietan erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzte eta, horregatik, aukera eraginkorrak eman eta baliabide nahikoaz hornitu behar ditugu: hala, zerbitzuak aisia hezitzaileaz eta jolasaz baliatzen dira haien ibilbidean aurrera egiteko behar dituzten oinarrizko gaitasunak garatzen laguntzeko. Eta, aldi berean, ingurunearekin, berdintasunarekin, komunitatearekin, gizartearekin konpromisoa duten herritarrak hezten dituzte.

 

Gaztematikako haur eta nerabeen hezitzaileen foroak ere irailaren 24an bildu ziren. Gainera, haurtxoko eta gaztelekuetan haurrei eta nerabeei ikuspegi emozional batetik harrera eta segimendu egokia egiteko tailerra eskaini zien Sareak, irailaren 23an eta 30ean.

 

Une honetan, Covid19aren ondorioz, inoiz baino beharrezkoagoa da haurren eta nerabeen arloan lan egitea eta, horregatik, Gaztematika sareak haien aldeko politikak jorratzen jarraituko du, beren eskubideak bermatzeko.

 

 

 

Jarraitu gure sareak