Atzealdea Gaztematika sarearen Jardunaldiaren laburpena

Azaroaren 21ean, Gipuzkoako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Sarearen (Gaztematika) Foro Politikoa izan zen jardunaldi batean, Donostiako Aquarium-en. Bertan, lurraldeko 80 bat arduradun politiko eta tekniko bildu ziren.

2019/11/27


 

Jardunaldiaren aurkezpena Denis Itxasok, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak egin zuen, legealdi berriko Aldundiaren plan estrategikoa azalduz.

Itxasoren ustez, Gaztematikak izan behar du gazteria-arloan legealdi honetako ildo estrategikoak jorratzeko bidea.

 

Diputatuaren hitzetan legealdi honetan kezkagarriak diren hainbat gai landu nahi dira. Alde batetik, heziketa afektibo-emozionala, eta bestetik, kirol-apustuen gaia. Honen aurrean, partaidetzazko prozesu baten bidez protokolo bat ezartzea proposatzen du Itxasok.

Bestalde, Kultura Digitalari buruzko programa ere indartu nahi da, aurreko urteko ekimenarekin jarraituz. Hala, Gipuzkoako zenbait herritara iritsiko da ikasgela ibiltaria, Kultura Digitalaren autobusaren bitartez eta, gainera, programaren baitan dauden beste ekimen eta jarduera batzuk ere garatuko dira.

Horrekin batera, Skateparkeen mapa bat egin dela jakinarazi zuen, Gipuzkoako nerabeei guztion artean sortutako azpiegitura-sare koherente bat eskaini ahal izateko.

 

Ondoren, Gazteria zuzendari Isaac Palenciak Gaztematika zer den eta nola funtzionatzen duen azaldu zuen: sareak udalei ematen diena eta eskatzen diena, hain zuzen.

 

Sareak guztiontzako jarraibide batzuk adostu ditu, haur, nerabe eta gazteen sustapenean foru-eta udal-mailan funtzionatzeko. Halaber, baliabideak, prozesuak eta emaitzak partekatzearen onurei buruz hitz egin zuen.

Bide batez, zuzendariak jardunaldia aprobetxatu zuen udalak Gaztematika sarean sartzera animatzeko.

 

Jardunaldia amaitzeko, Javier Gomez Zapiain, Psikologian doktore eta Sexualitatearen Psikologiako irakasle titular ohiak (EHU/UPV) hitzaldia eman zuen: "Gazteak eta sexualitatea: etorkizuneko erronkak". Bere mintzaldian sexualitateari buruz hitz egiteko modua aldatu behar dugula nabarmendu zuen, plazeretik eta ez beldurretik.

 

Amaitzeko, Javier Gomezek gazteria-arloko politikariak sexu-heziketaren ikuspegia aldatzera animatu zituen.

Atsedenaldia eta gero, erakunde arteko sare honen Foro Politikoa bildu zen, legealdiko helburuak eta eginbeharrak adostu, eta Batzorde Politiko Iraunkorreko kideak hautatzeko.

Foro Politiko hau legealdi honetako lehena izan da eta, hemendik aurrera, urtean behin bilduko dira Gaztematikaren plana onesteko.