Atzealdea Geure: gazte asko bildu ziren berdintasunaren alde

#Geure kanpaina pasa den larunbatean, martxoak 9, amaitu zen Kursaalen egin zuten ekitaldi batekin. Bertan Gipuzkoako 14 eta 18 urte arteko ehun gazte baino gehiago izan ziren

2019/03/12


 

Nerea Alias kazetariak aurkeztuta, han izan ziren baita ere Goazeneko antzezle Miren Arrieta, Aritz Aranburu surflaria, Iban García DJa, Izaro abeslaria, Twin Melody eta Street Dance-ko Bamboo Donostiako banda; azken hiruek, gainera, emanaldia eskaini zuten. Horiez gain, eszenatokira igo ziren kanpainan iruzkin onenak idatzi dituzten gazteetako lau.

 

#Geure kanpainak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Sailak otsailean bultzatu zuenak, 8 influencer-en laguntza izan du: Nerea Alias, Aritz Aranburu, Miren Arrieta, Asier Illarramendi, Izaro, Twin Melody eta Ohian Vega. Hauek Gipuzkoako gazteak berdintasunaz hitz egitera animatu dituzte Instagrameko beren kontuen bitartez.

 

Aldi honetan 11 bideo argitaratu dituzte, guztira, beren profil pertsonaletan galderak eginez edo esaldi batzuen hasiera emanez, gazteek amaitu zitzaten. Bideoak 371.277 aldiz ikusi dira. Eta horrek erakusten du, erreferente horiek eredu hartuta eta sare sozialen bitartez, #geurek gazteengana beste era batera iristeko aukera eman duela, haien konplizitatea bilatuz. Izan ere, bide berri horiek haiekin konektatzen laguntzen dute, beren iritziari eta gaitasun kritikoari balioa emanez.

 

Kanpainaren helburua zen berdintasunaren inguruan beharrezkoak diren gizarte-aldaketak lortzeko, gazteek izan behar duten rol aktiboa nabarmentzea; horretarako, arazoak eta makurdurak antzematera animatzen zituen, horiek aldatzen lagundu dezaten. Era berean, #geure-k garbi utzi nahi zuen berdintasuna guztion ardura dela eta, bide horretan aurrera egiteko, belaunaldi berriek eskutik helduta joan behar dutela, ezinbestean.

 

#Geureko influencer-ek sortutako bideoak argitaratu ondoren, 1.000 iruzkinetik gora jaso dira. Horietatik, %25 baino gehiago erantzun landuak eta proiekturako baliagarriak ziren.

 

Topaketa hasi aurretik, iruzkin iradokitzaileen artean aukeratutako lehen zortzien egileak backstage-an izan ziren #geureko influencer-ekin eta Realeko Asier Illarramendi futbolariarekin esperientziaz gozatzen.

 

Geure 2019