Atzealdea Gipuzkoa Talent Forum, hilaren 14tik 17ra bitartean

Atzerrian lan egiten duten eta kualifikazio maila handia duten gipuzkoar profesionalak zein nazioarteko esperientzia handia duten profesionalak ospe handiko enpresekin konektatuko ditu topaketak.

2020/12/14


Hilaren 14tik 17ra bitartean ospatuko da Gipuzkoa Talent Forum topaketaren bosgarren edizioa. Talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko estrategiaren barruan Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen duen foroa da. Aurten, ordea, telematikoki egingo da lehen aldiz. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu den Jabier Larrañagaren esanetan, pandemiak errealitatea erabat aldatu du, baina talentua bultzatzea Gipuzkoaren lehiakortasunerako funtsezko elementua dela azpimarratu du. Gainera, gehitu du enpresak ahalegin handia egiten ari direla jarduerari eusteko, eta topaketa egungo testuingurura moldatzeko ahalegina egin behar dela.

 

Aurtengo topaketa lau egunetan zehar egingo da, gaurtik hasi eta ostegunera bitartean, eta egun bakoitza sektore estrategiko desberdinen arabera egituratuko da (makina-erreminta,biozientziak eta ikerketa, IKTak eta teknologia eta industria orokorra). Egun guztietan eskema berbara jarraituko da: solasaldi batekin hasiko dira saioak (streaming bidez emitituko dira), eta ondoren, profesionalen eta enpresen arteko topaketak hasiko dira, hauek ere modu telematikoan. www.gipuzkoatalent.eus webguneko izen-ematearen ordenaren arabera egingo dira elkarrizketak.

 

Abian jarri zenetik, lurraldeko 1.000 gaztek baino gehiagok hartu dute parte Gipuzkoa Talent Forumean, lurraldean errotuta dauden konpainiek eskatutako talentuaren eta profil berrien arteko topagune gisa finkatuz. Ekimen honen bidez, lurraldeko kapitala sustatu eta bultzatu nahi da besteak beste, talentu hori bilatzen duten enpresetara bultzatuz, etorkizuneko erronkei aurre egiteko. diputatuak nabarmendu duenez, pertsonak erdigunean jartzen dituen gurea bezalako eredu sozioekonomiko batean, lehen mailako erronka da gure gizartearentzat talentua sortu eta erakartzea, eta horrenbestez, ehun ekonomiko berritzaile eta nazioartekotu bat eta ekintzailetzan oinarritzen den ekosistema bat edukitzen jarraitzeko funtsezkoa da gazteak bultzatzea.

 

 

 

Jarraitu gure sareak