Atzealdea

Gipuzkoako hainbat udalerritako haurrek hirigintzako prozesuetan parte hartu dute

Haurrek diseinatutako parkeak zabaldu dituzte Pasaian eta Errenterian, gazteen iritzia aintzat hartuz

2020·07·30


“Haurrak ardatz dituzten hiriak planifikatzeak pertsona guztiak zentroan jartzea esan nahi du”. Hauxe aldarrikatzen zuen Francesco Tonucci pedagogo italiarrak “La ciudad de los niños” lan ezagunean. Izan ere, bere ustez, haurrentzako egokia den hiri bat, guztientzat izango da.

 

1996an formulatutako tesi honek indarrean jarraitzen du gaur egun ere. Hain zuzen, duela gutxi ildo honetatik abiatuta eztabaidatu zen Unicef-ek antolatutako Haurrentzako hiri-plangintza jasangarri eta arduratsu baterako proposamenak” maha-inguruan; eta ildo berean, Gipuzkoako zenbait udalerritan ere hasi dira hiri-espazioak haurtzaroaren ikuspegitik birpentsatzen.

 

Haurrek erabakitako Basoa jolas-parkea sortu dute Pasaia Donibanen

 

Donibaneko parkea eraberritzeko partaidetzazko prozesua 2019ko azaroan abiatu zuten haur eta nerabeek, Haur eta Nerabeen Eskubideen Sailak bultzatuta. Umeek proposatu zuten Donibaneko jolas-eremua berritzea, eta haien interesetan oinarritutako prozesuan ere aukera izan dute JJ Otaegi plazaren eta frontoiaren arteko gunean zer-nolako parkea nahi zuten erabakitzeko.

 

512x262 Basoa Jolas Parkea (Iturria: www.pasaia.eus)

 

Azaroan hasi zen partaidetzazko prozesua, 6 hilabeteko iraupenarekin hiru fase ezberdinetan garatu dena: diagnostikoa, diseinua eta sorkuntza bateratua. Lehendabizi, haurrekin hauek nola jolasten duten hausnartzeaz gain, eremua aztertu da eta, horren ondoren, jolas-eremurako zein jolas-mota eta elementu behar zituzten.

 

Azkenik, haurrek jolas-eremua diseinatu dute, eta sorkuntza bateratu bat egin da, non teknikariek eta haurrek elkarrekin azken itxura nolakoa izango den adostu duten. Prozesuan zehar behin betiko proiektuaren aurkezpen publikoa egin zuten haurrek, gurasoei eta komunitateari zuzenduta: 6-12 haurrentzako elementu naturalak oinarri dituen Basoa jolas-parkea.

 

 

Jolas-parke berria Errenterian

 

Errenterian, berriz, unibertsoan oinarritutako eremu hezitzaile, inklusibo eta dibertigarria diseinatu da jolasaz segurtasunez gozatzeko: ezaugarri hauek aintzat harturik sortu da Txirrita Jolas-parke berria, Errenteriako haur eta gazteen plan estrategikoaren partaidetzazko prozesuaren (2017an hasitakoaren) emaitza. Bertan, herriko ikastetxe guztietako eta aisialdi-elkarteetako 4-12 urte arteko 2.000 haurrek parte hartu dute. Azkenean, inauguratu berri den Txirrita jolas-parke berriak hiru espazio bereizten ditu 0-12 urte bitarteko haurrentzako.

 

512x262 Txirrita Parkea (Iturria: www.errenteria.eus)

 

Haurrak lehen aldiz espazio publiko bat diseinatzen jarri izana esperientzia berri bezain aberatsa izan da Errenteriako Udalarentzat. Adin-tarte bakoitzaren errealitatera egokitutako partaidetza-metodologiez baliatuz, herritar gazteenen ahotsa entzun eta errealitate bilakatzea lortu da; ametsetako jolas-parkea egi bihurtuz.