Atzealdea Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuek ateak zabaldu dituzte ikasturte berriari hasiera emateko.

Ikasturte honetako lema da: “Hazi, hezi, ekin. Zatoz gurekin!” (haurtxokoak) “Hemen, gu geu gara. Zatoz gurekin!” (gaztelekuak)

2019/09/30


Udako oporren ondoren, Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuek ateak zabaldu dituzte berriz ere. Horregatik, Foru Aldundiko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak, udalekin batera, lurraldeko haurrak eta nerabeak gonbidatu nahi ditu zerbitzu horietara hurbildu eta bertan parte hartzera.

Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuen eskaintza 4 eta 11 urte arteko haurrei eta 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Zerbitzu hauek eskaintza ludiko bat dute haurrek eta nerabeek gozatu eta ondo pasa ahal izateko; hori guztia helburu hezitzaile garbi batekin: parte-hartzen ikasi eta, aldi berean, pertsona autonomo gisa garatzeko balio garrantzitsuak garatu ahal izan ditzaten (berdintasuna, errespetua, solidaritatea, bizikidetza...). Jakina, hori dena ezinezkoa litzateke, bidean lagun dituzten hezitzaileen lan profesionala gabe.

 

Une honetan, lurralde osoan 120 haurtxoko eta gazteleku baino gehiago daude, 60 udalerritan banatuta: zehazki, 64 haurtxoko eta 65 gazteleku. Profesionalei dagokienez, guztira 230 inguru dira Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuen sarean lan egiten duten hezitzaileak.

 

Azken urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak ahalegin handia egin du udaletako haurtxoko eta gaztelekuen sarea indartzen eta hobetzen laguntzeko. Guztion arteko lanaren indarraz baliatuz, Gipuzkoako Haurtxokoen eta Gaztelekuen sareak haurrei eta nerabeei zuzendutako kalitatezko zerbitzua bermatu nahi du.

 

  • Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuei buruzko informazioa honako web-orrian ere eskura daiteke

 

Hemen gu geu gara! Nire lekua. Nire jendea. Nire mundua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Haurtxokoen eta Gaztelekuen sarea sustatzeko aurkeztutako bideoa (2018) da hau. Haurrak, nerabeak, gurasoak, hezitzaileak eta udal-teknikariak dira ikus-entzunezko honetan protagonista.