Atzealdea Gipuzkoan Gazte Tour Errenteriara iritsi da Indabe eta Huntzarekin

Gipuzkoan Gazte Tour programak musikaren inguruko hainbat jarduera biltzen ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak garatzen du, beste eragile eta udalerri batzuekin lankidetzan.

2022/11/24


Isaac Palencia, Gazteriako foru zuzendaria: «Programazio bat prestatu dugu, finkatutako artistak tokiko artistekin uztartzeko, eta, horrela, lurraldean daukagun talentua sustatzeko.

Laugarren edizio honetako kartela askotarikoa da, eta sare sozialetan iritzia jaso ondoren egin da, Gipuzkoako gazteen gustuak zuzenean ezagutzeko. Saio bakoitzean lehen mailako artistak daude, eta baita herriko talentu gazteen erakustaldiak ere.

Gazteriako zuzendariak nabarmendu duenez, «Errenteriako kontzertu honekin amaituko da Gipuzkoan Gazte Tourren laugarren edizioa. Oso pozik gaude gazteen erantzunarekin, bai eta 3 udalerri berri, Tolosa, Ordizia eta Zarautz, batzearekin ere. GGTren helburua da Gipuzkoako gazteei kalitatezko kontzertuak eskaintzea eta gure lurraldean dugun tokiko talentua sustatzea.

Bestalde, Xabier Sánchez Errenteriako Gazteriako zinegotziak adierazi duenez, "aurten ere, Gipuzkoako Gazte Tour ekimena Lekuona Fabrikako agendan sartu dugu. Oraingoan, Indabe eta Huntzaren parte-hartzearekin".

Aurten Gipuzkoan Gazte Tourren saioak Arrasaten, Zumarragan, Andoainen, Ordizian, Zarautzen, Hondarribian, Eibarren eta Tolosan egin ondoren, abenduaren 17an Errenteriara iritsiko da.

Eguna: abenduaren 17a

Lekua:Lekuona fabrika, Errenteria

Ordua: 19:00

Sarrerak: 3 € sarrerak.errenteria.eus webgunean

 

INDABE

Indabe talde gaztea Antiguo auzoko (Donostia) kaleetan jaio zen. 2021eko udan hasi zuten bidea laukote gisa, eta harrezkero Gipuzkoako jaietan eta gaztetxeetan jo dute.

Hasieran bertsioak jo zituzten arren, 2022an zehar beren abestiak osatu dituzte, eta lanean ari dira urte amaierarako disko bat argitaratzeko.

Berri Txarrak, Tatxers, Lamiak edo Etxekalte eta antzeko taldeek erreferente eta inspirazio gisa balio diete beren musika sortzeko. Horrela, bada, Amaia (bajista), Uxue eta Nora (gitarristak) eta Peru (bateria), INDABEko kideak, euskal musika-eszenari ekarpenak egiteko eta jendeak bere musikarekin gozatzeko gogoz datoz. #NDB

 

ARTISTA NAGUSIA

HUNTZA

Huntza 2014an Bilboko kaleetan sortu zen. Unibertsitateko giroan bildu ziren sei gaztek osatzen dute. Haien helburua sortzen duten musika zabaltzea da.

Unibertsitateko ikasleek ostegunetan egiten duten trikipoteoan ezagutu zuten elkar, eta «Eguenero» elektrotxarangan. Taldea osatzen joan zen heinean, abestiak osatu zituzten, eta ordura arte musika-prestakuntzan bakoitzak jasoa zuena partekatu zuten.

Taldea Bilbon sortu bazen ere, aipatu behar da kide guztiak Gipuzkoakoak direla.

2016ko martxoaren 8an agertu ziren lehen aldiz jendaurrean, bere lehen abestia, «Harro gaude», argitaratu zenean. Abesti honetan omenaldia egiten diete agertoki batera igo ziren lehen emakumeei. Hasiera apal horrek ateak ireki zizkien ordutik egin dituzten kontzertuetarako.

Jarraitu gure sareak