Atzealdea Haurren eta nerabeen eskubideak, inoiz baino garrantzitsuagoak

Lourdes Gaitán Muñoz gizarte-langile eta soziologoarekin mintzatu gara haurren eskubideen garrantziaz, hezkuntza ez-formalaren beharrizanaz eta erresilientziaz.

2020/11/24


 

Azaroaren 20an Haurren Eskubideen Hitzarmenaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak bultzatuta, bi lan-saio antolatu ziren azaroaren 19an, goizez eta arratsaldez. Bertan aritu zen Lourdes Gaitán Muñoz gizarte-langile eta soziologoa, haurren eta nerabeen sustapen-arloko esku-hartzeari buruz goizeko saioan, eta COVID garaian haurren eta nerabeen eskubideak babesteaz arratsaldekoan.

 

Lourdes Haurren Eskubideen Europako Master Sarearen kide sortzailea da, European Soziological Association erakundeko Haurren Soziologia Zuzendaritza Nagusiarena izateaz gain. Hainbat kargu izan ditu, eta bere lan-bizitza irakaskuntzaren eta funtzio publikoaren artean garatu du.

 

  • Azaroaren 20a Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko eguna da. Zer garrantzi du egun horrek zuretzat? Eta administrazio publikoarentzat eta adingabeentzat?

Azaroaren 20an bi urteurren ospatzen dira: batetik, 1959an onartutako Haurraren Eskubideen Adierazpenaren urteurrena, eta bestetik, 1989an Nazio Batuen Batzar Nagusiak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu zuenekoa. Nazioarteko bi dokumentu juridiko horiek garrantzi handia dute, munduko nazioek gizaki guztien duintasunarekiko duten konpromisoaren adierazpen gisa, bizitzaren zikloaren lehen etapetan. Konbentzioa sinatu duten herrialde guztiek (munduko herrialde guztiek, batek izan ezik) konpromisoa hartu dute haur eta nerabeen giza eskubideak dagokien estatuetan bete eta aplika daitezen. Aldeen arteko konpromiso hori da niretzat garrantzitsuena, administrazioak haurren interesekin lotzen dituen betebeharrengatik.

 

  • COVID-19aren ondorioz, haurren eta nerabeen bizitzan ere aldaketak izan dira. Haurren eskubideak askoren ahotan egon diren arren, horiek ez urratzeko neurriak hartu direla esango zenuke? Zein iritzi duzu gai honi buruz?

Pandemia garaian haurren irudikapen sozialaren forma nagusia izan da haurrengan pentsatzeko modua: menpekotasuna duten izakiak, ahulak eta irizpide propiorik ez dutenak. Beraien benetako interesak adierazteko orduan eta egoera zail honi aurre egiteko orduan, beraien ahotsa ez da kontuan hartu eta, beraz, iritzi-eskubidea izan da urratuena.

 

  • COVID-19a agertu zenetik gaur arte argitaratutako ikerketa askok krisi honek utzitako arrakala sozialaz hitz egiten dute. Tartean, hezkuntzari dagokionez aipatzen dute haur eta nerabe askok ezin izan dituztela eskolak jarraitu, besteak beste, horretarako baliabide faltagatik. Dena den, hezkuntza aipatzen den oro, eremu formalari egiten zaio erreferentzia ia ikerketa guztietan. Gu hezkuntza ez formalean kokatzen gara, ordea. Zer egin dezakegu alor ez formaletik arrakala hori ahalik eta txikiena izan dadin edo ahalik eta gutxien nabaritu dadin?

Hauteman den baliabide faltak, haurren baliabideen antolaketa desorekatuari ez ezik, ikastetxeetan eta irakasleengan bitartekorik ez izateari ere erantzuten dio. Biek ala biek, atzerapena ekarri dute XXI. mendeko teknologia eta metodoak txertatzeko prozesuan. Hemendik aurrera ordea, agian, bultzada azkarra izango du, hain zuzen, pandemiaren ondorioei aurre egiteko txertatu behar izan direlako. Hezkuntza ez-formaletik aparteko egoera honetan funtsezkoa den funtzioa ikusten dut: haurren arteko harreman adiskidetsu eta afektiboei eusten laguntzea eta egoera konplexuei aurre egiteko gaitasunak indartzea, egoera horiek haurrei zein helduei eragiten baitiete.

 

  • Zer eragin izan dezake egoera honek haurren eta nerabeen etorkizunean? Ondorioak gogorrak izango direla esango zenuke?

Gertaera berezia da, zalantzarik gabe, inoiz ahaztuko ez dutena. Gertaera horrek izaera unibertsala duenez, komuna izango da haurren belaunaldi oso batentzat, eta haien ondorioei aurre egin beharko diete… beste belaunaldi batzuek eragin handiko beste gertaera batzuekin egin duten bezala.

 

  • Duela gutxi Txemi Santamaria psikologoa elkarrizketatu genuen eta hainbat irizpide eman zizkigun adingabeen emozioak kudeatzen laguntzeko. Nabarmendu zuen adingabeek egoera berrietara moldatzeko duten gaitasuna…

Beraien erresilientziaz ere hitz egin genezake. Erresilientzia ezbeharrak gainditzeko gaitasuna da, bere ondorioak gainditu eta errekuperatzeko gaitasuna eta, esperientzia traumatikoak igaro ondoren, are indartuago ateratzea. Gainera, erresilientziari buruzko lehen azterketak esperientzia bereziki zailak jasandako zenbait haurren portaerak behatzean oinarritu ziren. Ikerketak erakutsi duen gisan, erresilientzia ezin da inola ere adinez nagusi direnekin lotu, ezta pertsonaren heldutasunarekin ere. Izan ere, oso haur txikietan ere ikusi da erresilientzia, gai den eta jarduteko gaitasuna duen gizabanako gisa, baita egoera zailenetan eta adin goiztiarrenetan ere.

 

  • GSIA (Grupo de Sociología de la Infancia y la Adolescencia) taldeko partaide eta sortzaileetako bat ere bazara. Zergatik sortu zen GSIA bere garaian? Zer beharrizani erantzuten dio?

Haurtzaroaren soziologia sustatzeko sortu zen, bi paradigma nagusitan oinarrituta: haurtzaroa gizarte-egitura ororen zati iraunkor eta egonkorra dela eta haurrak gizarte-eragile direla. Ikuspegi hori beharrezkoa da haurren haurtzaroa eta bizitza ulertzeko, ordezkatu beharrean, beste gizarte-diziplina batzuek eskainitako ezagutza osatzen duelako.

 

  • Gainera, askotarikoa da GSIAko partaideen profila. Beharrezkoa al da, zure ustez, haurren eta nerabeen sustapenerako lan egingo duen diziplinarteko talde bat? Zergatik?

Ezagutza zatikatuta egon arren, esku-hartze sozialak orokorra eta integrala behar du izan. Horregatik, beharrezkoa da espezialitate bat baino gehiago egotea. GSIAren lanaren dimentsio aplikatua haurren eta nerabeen eskubideen edo, bestela esanda, gizakien haurtzaroko eta nerabezaroko eskubideen arloko sentsibilizazioak, zabalkundeak eta prestakuntzak bideratzen dute. Hemen dago gure kasuan diziplinartekotasunak duen elkargunea.

 

  • Zure lehen argitalpenek gizarte-lan orokorrari egiten diote erreferentzia. Ostera, halako batean haurrak eta nerabeak bilakatzen dira zure argitalpenen ardatz. Nola eta zergatik gertatzen da aldaketa hori?

Oinarrizko bi ikasketa ditut eta bi lanbideetan aritu naiz lanean, eta egia esan, batek (gizarte lanak) bestera (soziologiara) eraman ninduen. Esku hartzeko tresnek ematen zizkidaten erantzunekin pozik ez egoteak (babesaren arloan, hain zuzen ere), haurrek gizartean duten menpeko posizioaren egiturazko arrazoiak bilatzera eraman ninduen.

 

 

 

Jarraitu gure sareak