Atzealdea Haurren eta nerabeen eskubideak mintzagai HITZegiten topagunean

HITZegiten topagunearen lehen bi lansaioak izan ziren atzo eta, gaur Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna izanik, haurren eta nerabeen eskubideak izan ziren protagonista nagusiak.

2020/11/20


 

HITZegiten

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak bultzatuta, Gaztematika sarearen barruan sortutako egitasmoa da HITZegiten. Topaketaren helburua haurren, nerabeen eta gazteen beharrei lotutako gaiez elkarrekin hausnartzea da, betiere, sustapenaren ikuspegitik. Lehenengo jardunaldiak haurren eta nerabeen eskubideak izan ditu hizpide.

 

Goizeko saioan Lourdes Gaitán Muñoz soziologo eta gizarte-langilea izan zen hizlari nagusia, eta Hezkuntzan doktorea den Joana Miguelena Torradok dinamizatu zuen ekitaldia. Hau sustapen-arloan lan egiten duten teknikari eta arduradun politikoei zuzenduta zegoen. Haurren eta nerabeen eskubideei buruz mintzatu ziren batez ere, haien sustapen-arloko esku-hartzearen zertzelada batzuk emateaz gain, herritartasunari eta parte-hartzeari erreferentzia eginez. Lourdesek bere hitzartzea amaitzean, lan-saioan parte hartu zuen jendeak ere hitz egiteko aukera izan zuen.

 

Arratsaldean ere Lourdes Gaitán Muñoz izan zen hizlari nagusia. Oraingoan, ordea, Giza Eskubideetan diplomatua den Maider Gabilondo Ariznabarreta izan zen dinamizatzaile-lanak egiten. Bigarren saio honetan, COVID garaian haurren eta nerabeen eskubideak babesteaz aritu ziren. Hasteko, pandemiak eta, batez ere, itxialdiak haurrengan izandako eraginaren hainbat alderdi mahaigaineratu zituen Maiderrek, eskubide sozialei erreferentzia eginez. Lourdes, ostera, haurren eskubide zibil eta politikoei buruz aritu zen batez ere, eta haurrak herritar aktibo gisa onartu beharra azpimarratu zuen. Amaieran, galderen eta iruzkinen tartea zabaldu zen.

 

Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna

Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna azaroaren 20an ospatzen da; izan ere, 1959. urteko egun horretan Nazio Batuen Erakundeak Haurren Eskubideen Aldarrikapena onartu zuen. Munduko haur guztiei eskainitako eguna izateaz gain, ospakizun eguna ere bada urteetan zehar lortu diren aurrerapenengatik. Baina, batez ere, haur eta nerabeen egoeraz ohartarazteko, haien eskubideak ezagutarazteko eta egunez egun beren ongizatearen eta garapenaren alde lan egitearen garrantziaz kontzientziatzeko eguna da.

 

Gipuzkoako Aldundia ere haur eta nerabeen eskubideen alde lanean

Gaurko eguna baliatuz, foru-erakundeko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko zerbitzuburu Xabier Agirrezabalarekin aritu gara solasean haur eta nerabeen aisia hezitzaileari buruz. Haren hitzetan, Haurren Eskubideen Eguna ospatzeak berebiziko garrantzia duen gai batean jartzen du arreta, oinarrizkoak diren eskubideez ari garelako; baina beti ez dugu behar genukeen bezain gogoan, ez behintzat haien hedadura eta sakontasun osoan.

 

Data hori aitzakia ona da inbentarioa eta autokritika egiteko, eta gizarteko estamentu guztietan ibiltzeko falta zaigun bideaz jabetzeko, haurrak eskubideen subjektu direla barneratu dezagun eta, batez ere, praktikan eskubide horiek aintzat hartzeko, bermatzeko, orokorrean gure gizartean errespetatzeko eta aplikatzeko.

 

Eskubideei dagokienez, aipatu digu helduen ikuspegitik, batzuetan ahaztu egiten zaigula zein puntutaraino diren haurrentzako funtsezkoak aisialdia eta denbora librea.

 

Haurrentzat, jolastea, esperimentatzea, parekoekin askatasunean sozializatzea, autonomia apurka hartzen joatea… eskolan jasoko duten hezkuntza bezain garrantzitsuak direla dio. Haurrak, eskolan, ikasleak dira, baina hortik kanpo eurak dira, beren indibidualtasun eta singulartasun osoan. Denbora librean esperimentatu ahal izango dute nor diren eta zer nahi duten.

 

Gaineratu du, aisialdia bere baitan justifikatzen den elementu gisa ikusten badugu ere (haien eskubidea baita), etorkizunean bere "erabilgarritasunera" jo beharrik gabe, gero eta ebidentzia zientifiko gehiago dagoela azpimarratzen duena haurtzaroaren erabateko bizipena izatea garrantzitsua dela haien ondorengo bizi-garapenean.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza lanean, haurren eta nerabeen eskubideak bermatu daitezen. Eta COVID-19ak bultzatuta, haur eta nerabeekin lan egiten duten zerbitzuetan ere neurri berriak hartu behar izan dira.

 

Honen harira, Agirrezabalak honela dio: “Pandemiak eta gizartean, osasunean eta ekonomian eragin duen guztiak ezustean harrapatu gaitu denok. Nire ustez, funtsezkoak izan dira egoera berrietara egokitzeko ahalmena eta planteatu diren erronkei erantzuteko sormena eta malgutasuna.

 

Ziurgabetasun-giro horretan, uste dut garrantzitsuak izan direla sektore gisa ditugun balioak eta indarguneak baieztatzea eta, batzuetan, barruko eta kanpoko mehatxuen arabera aurre egitea ere. Krisi honek agerian utzi du zer balio duten komunitateak, erantzukizun zibikoak, zaintzak eta harremanei buruzko elementu ukiezin ugarik; zein ahul izan gaitezkeen, baina baita ere zein erresilienteak izan gaitezkeen.

 

Aldundian, ahal dugun neurrian, eta erakundeen arteko testuinguru batean gaudela ahaztu gabe, guztion artean eraikita daukagunari eusten jarraitu nahi izan dugu. Diru-laguntzei eutsi diegu, laguntza indartu ditugu horiek zerbitzu publikoei zein elkartegintzari babes-materiala emanez, prestakuntza espezifikoak egin ditugu, beste erakunde batzuekin koordinazio-lana egin dugu, erdi-konfinamenduko ingurune batean lan egiteko estrategia digital osoa indartu dugu eta Gaztematika sarearen dinamikari jarraitu diogu. Era berean, Foru Aterpetxeen sarean, ekipamenduak behar sozio-sanitarioen eskura jarri ditugu”.

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak