Atzealdea

Haurtxokoak eta gaztelekuak, inoiz baino beharrezkoagoak

Ainhoa Larrea Zizurkilgo Teknikariak haurtxokoek eta gaztelekuek jasan dituzten aldaketei buruz hitz egin du, baita hauek haurren, nerabeen eta gazteen garapenean duten garrantziaz ere.

2020·11·19


Haur eta nerabeen garapen eta ongizaterako funtsezkoak dira giza kontaktua, aire librea eta jolasa, eta ondorioz, Covid-19ak kalte egin die hauen osasun eta emozioei. Kontaktua funtsezkoa duten heinean, denbora guzti honetan lagunekin zein hezitzaileekin galdu duten harremana berreskuratzeko beharra dute. Horrez gain, kontutan hartu behar dugu haurtzaroko, nerabezaroko eta gaztaroko garapen egokiaren ardura familiarena ez ezik,  gizarte osoaren ardura direla.

 

Hezkuntza ez-formala da hauen sustapenaren bitarteko nagusia, eta beraz, adin horretan erabaki garrantzitsuak hartu behar dituztenez, aukera eta baliabide eraginkorrak eman behar zaizkie beraien garapena ahalik eta egokiena izan dadin. Eta horretan dihardu Gaztematika sareak, zailtasunak zailtasun.

 

Ainhoa Larrea Zizurkilgo Euskara, Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirol teknikaria da, eta bere bizitzen ari garen egoera zail eta gogorrean gune seguru bakarrenetakoak gaztelekuak direla aipatu du, nahiz eta dauden neurri eta protokolo guztiekin hauek martxan jartzea erraza ez izan. Egoera berrira egokitzeko zenbait aldaketa egin behar izan dituzte beraien zerbitzuetan, baita aforoa asko murriztu ere, eta gazte asko, ondorioz, zerbitzutik urrundu egin dira hurbildu beharrean. Egoeraren alde ona ikusteko ere gai izan da Ainhoa, ordea; izan ere, haur, nerabe eta gazteen guraso edo tutoreek zerbitzuekiko interes handia erakutsi dute, gaztelekuentzako familien eta komunitatearen inplikazioa berebizikoa dela kontutan hartuta.

 

Azaroaren 20an Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko eguna da, eta egun horren garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Ainhoak. Pandemia garai honetan haurren eskubideak urratu eta hankaz gora utzi direla aipatu du, eta ondorioz, haurtxokoen eta gaztelekuen garrantzia nabarmendu du behin eta berriz Ainhoak, leku seguruak eta beharrezkoak direla azpimarratuz etengabe. 

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak