Atzealdea Hezkidetza astialdian

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) galdetegi bat sortu du Euskadiko gazteen esperientzia biltzeko eta orain arte egindako lan-saioak osatzeko. Otsailaren 29ra arte izango da erantzuteko aukera

2020/02/18


Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren esanetan “berdintasuna zeharkako balore bezala jorratu behar da eta politika publiko orotan txertatu beharko litzateke eta bide horretan hezkidetzak sekulako garrantzia du, bai hezkuntza formalean baita ez-formalean ere.

 

#HaziakAstialdira proiektuaren bitartez, gazteek bizi izan duten esperientzia ezagutu nahi dute bertatik hobekuntza proposamenak eratzeko. Izan ere, hezkuntza gizartearen isla den neurrian, ematen diren genero-dikotomia eta genero arteko botere-harremanak erreproduzitzen dira.

2018an hezkuntza formalean hezkidetzak izandako bilakaera aztertu zuten eta ondorioak BerdinHezi: Hezkidetzarako lehen urratsak izeneko dokumentuan bildu zituzten. Oraingoan, hezkidetza astialdiaren eremuan nola lantzen den aztertu nahi dute.

 

2019an zehar Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) hezkidetzari buruzko hainbat lan-saio antolatu zituen. Helburua hezkuntza ez-formalean hezkidetza zein modutan jorratu izan den eta jorratzen den aztertzea izan zen. Diagnostikoa osatzeko eta iritzi gehiago biltzeko, lan-saio horietan parte hartu ezin izan duten baina astialdi espazioetan lanean dabiltzan gazteen iritziak bildu nahi dituzte. Horretarako, galdetegi bat osatu dute; eta honen helburua da bertan jasotako informazioarekin, EAEko astialdian gertatzen den errealitatearen azterketa txiki bat egitea.

 

Iturria: Euskadiko Gazteriaren Kontseilua