Atzealdea Hik Hasiren Udako Topaketak
2021/06/14
Bere 25. urteurrena ospatu du aurtengo ikasturtean Hik Hasik eta, amaitzeko, udako topaketak eskainiko ditu hogeita batgarren aldiz. Aurten 25 ikastaro antolatu ditu, hezkuntzaren eta pedagogiaren esparruan egoerak dakarren formazio-beharrari erantzuteko eta, era berean, arloko profesionalen topagune izateko.
Elkartzeko, topatzeko eta aurrez aurre egoteko ikasturte zaila den arren, horren aldeko apustua egingo du Hik Hasik, eta EHUren Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearekin batera antolatu ditu topaketak. Hain zuzen, uztailaren 5ean, 6an eta 7an izango dira, Donostiako EHU/UPVren HEFA fakultatean (HEFA –I eta HEFA II eraikinetan).
Antolatzaileen arabera, Udako Topaketen asmoa da elkarrekin partekatuz ikasi, hazi eta aurrera egiten laguntzea, eta datorren ikasturtean indarrak hartuta hasteko bideak eskainiko dituzte. Ikastaroak goizez izango dira, 9:00etatik 14:00etara, eta uztailaren 5ean, arratsaldez, hausnarketa kolektiboa egingo da, 16:30etik 19:00etara.
Matrikulaziorako azken eguna ekainaren 15a izango da eta, aintzat hartua izan dadin, momentuan bertan egin beharko da ordainketa. Hik Hasiko harpidedunek lehentasuna dute eta, ondoren, ikastaroetan izena eman dutenek.
Jarraitu gure sareak