Atzealdea

Hondarribiko gazte-talde batek adierazi du emakumeek Alardeko desfilean parte hartzeko eskubidea dutela

Alardea XXI. mendera egokitu eta emakumeen eskubideak bermatzea eskatu du “Guztion Alardea” izeneko mugimenduak

2019·10·08


Hondarribiko hainbat gaztek agiri bat zabaldu dute, bertako alardearen gatazka konpontzeko "elkarrizketa" eskatuz, baita emakumeek nahi duten moduan desfilatzeko aukera defendatuz ere.

“Guztion Alardea” izeneko taldearen sortzaileen arabera, “Alardeko desfilean parte hartzen dugun gazte multzo zabala gara, kantinera izandakoez, alardean ateratzen garen gizonezkoez eta espaloietatik alardea ikusten eta animatzen dugun jende ezberdinez" osatutako kolektiboa. Jaia modu osasuntsu batean bizi izateko, haien helburua da jendaurrean hausnarketa zabaltzea; izan ere, taldearen iritziz, "gaur egungo errealitateak alardea hondatzea eta kaltetzea besterik ez dakar" eta, ondorioz, haren etorkizuna kolokan jartzen da.

 

Gatazkarik gabeko alarde baten alde

Hondarribian bi alarde-mota bereizten dira: Alarde tradizionala eta Jaizkibel konpainiarena. Lehendabizikoan, emakumeak kantinera soilik izan daitezke. Bigarren kasuan, emakumeak soldadu gisa joan daitezke desfilean. Argitaratutako manifestuan, gazteek aitortzen dute “urte hauetan zehar, ez dugula istilurik gabeko Alarderik ezagutu”.

 

Hori horrela, konponbidea lortzeko bi faktore nabarmentzen dituzte idatzian: bata, bakoitzak bere aukera modu askean egitea, eta bestea, herritarren arteko elkarrizketa bultzatzea. Hori guztia dela-eta, konponbide batera iristeko eragile aktibo gisa aurkezten dute beren burua gazteek, eta ekarpenak, iradokizunak eta atxikimenduak jasotzeko helbide elektronikoa herritar ororen eskura ere jarri dute.

 

Hondarribiko gazteen manifestu honek aditzera ematen du Alardearen inguruko gatazka konpontzearen aldeko urratsak ematen ari direla azken bolada honetan. Horren erakusgarri da Alarde Fundazioa eta Jaizkibel konpainia bitartekari baten laguntzarekin elkarrizketa-prozesu bat abiatzeko ados jarri izana.

 

Iturria: Berria