Atzealdea Inspira Steam proiektua Gipuzkoako gaztelekuetan

Inspira Steam, nesken artean zientzia eta teknologiarako bokazioak sustatu nahi dituen proiektua, Gipuzkoako bost herritako gaztelekuetara zabaldu da. Idiazabal, Zestoa, Zarautz, Oñati eta Legazpiko esperientziak ezagutzeko aukera izan dugu. Bideo batean jaso dugu parte-hartzaileek azaldu digutena.

2019/05/15


Mari Luz Guenaga, “Inspira Steam” proiektuaren arduradunaren hitzetan, honen helburu nagusia da nesken zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea eta bokazioak piztea edo, gutxienez, beraien aukeraketa modu libre batean egitea.”

Nesken artean jaitsi egin da zientzia eta teknologia ikasketetarako interesa eta, horren ondorioz sortu zen proiektua. Gero eta neska gutxiago daude zientzia eta teknologia ikasten eta hori nabarmena da, bai lanbide heziketan, bai eta unibertsitatean ere. Guenaren ustez, datu horiek arazo larri bat dira gerora begira, eta horregatik InspiraSteam proiektua beharrezkoa zen.

Jatorrian, proiektuaren helburua zen lehen hezkuntzako ikasle nesken artean STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika, ingelesezko sigletan) gaiak sustatzea; baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimen honen bidez, gaztelekuetara ere zabaldu nahi izan da proiektua.

Proiektuaren arduradunak dioenez, nerabeentzako udal-zerbitzuetara egokitzeko, bi aldaketa nagusi egin behar izan dituzte. Alde batetik, adina: hezkuntza formalean 11 eta 12 urte bitarteko nesken artean lantzen da, eta gaztelekuetan 12 urtetik aurrera landu da. Eta bestetik, aisialdian landu da, hezkuntza formulatik kanpo eta, beraz, dinamika, jokoak eta eztabaidak sustatzeko bideak desberdinak izan dira.

 

Inspira Steam Gaztelekuetan: bideo laburpena

 

Proiektu honetan funtsezkoa da mentoreen lana, zientzian eta teknologian murgiltzen diren emakumeak dira eta beren borondatez parte hartzen dute. Prestakuntza labur baten ondoren, beraiek dira teknikari, hezitzaile eta gazteekin lan egiten dutenak.

Oso ondo baloratu da mentoreekin, teknikariarekin eta gazteekin egindako elkarlana. Teknikari eta hezitzaileen iritziz, oso aberasgarria da mentoreak  gaztelekura  gerturatzea, nerabeekin genero-estereotipoei buruzko hausnarketa zuzenean bideratzen dutelako, beren ikuspuntu eta esperientzian oinarrituta.

Parte hartu duten teknikari eta hezitzaileek orokorrean oso ondo baloratu dute esperientzia. Argi dute proiektua aberasgarria, eraginkorra, motibagarria eta berdintasunaren alde egiteko beharrezkoa dela. Aukera bat izan dela diote, estereotipoez ohartzeko eta horiek hausteko bide bat irekitzeko.