Atzealdea Ireki da Gazteak Auzolanean, 18 eta 30 urte bitarteko gazteen proiektu kolektiboak garatzeko dirulaguntzen 2022ko deialdia

Hautatutako proiektu bakoitzak 1.500 eta 5.000€ arteko laguntza jasoko du. Eskaerak apirilaren 27ra arte egin ahal izango dira.

2022/03/15


 

Gazteak Auzolanean Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntza-programa da. Helburua da 18 eta 30 urte bitarteko gazteen talde-proiektuak, ingurunea inplikatzen dutenak, bultzatzea; hala, interes publikoa duten eta gazteek garatzen dituzten eraldaketa sozialeko prozesuak bultzatu nahi dira. Horregatik, jarrera sortzailea eta ekimena izanik, gizartearen aldeko proiektu kolektibo bat sortu eta garatu nahi duten gazteentzat dira dirulaguntzak.

Aurten, 2022an, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailak 25.000 euroko dirulaguntzak onartu ditu Gazteak Auzolanean programarako. Eskaerak apirilaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira, dagokion dokumentazioarekin batera.

Aurkeztutako proiektu guztietatik 4 hautatuko dira eta horietako bakoitzak 1.500€ eta 5.000€ arteko laguntza jasoko du 2022an eta 2023ko ekain arte garatzeko.

 

Dirulaguntzak eskatzeko baldintzak

Laguntzak eskatu nahi dituztenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

- 18-30 urteko pertsonek osatutako talde bat izatea (gutxienez, 3 lagun).

- Irabazi-asmorik gabeko proiektua burutzea.

- Proiektua urtebetean garatzea.

- Proiektua honako arlo batean edo batzuetan kokatuta egotea:

a. Proiektu artistikoak edo/eta kultural komunitarioak  
b. Ingurunearen zaintza eta jasangarritasuna oinarri duten proiektuak  
c. Genero-berdintasuna, euskara, kulturartekotasuna, elkartasuna eta beste alorretan oinarritutako gizarte edo komunitatearen eraberritze proiektuak.

 

Sei urte proiektuak bultzatuz

Sei urte dira laguntza-poltsa hauek ematen direla, eta urte horietan hainbat taldek beren proiektuak garatu ahal izan dituzte laguntza hauei esker. Ikus-entzunezko film laburrak, zeinu-mintzairaren dibulgazio-saioak, antzerki soziala eta komunitarioa, online hezkuntza-laguntzako proiektuak... Hemen aurreko urteetan garatutako proiektuak ezagutu ditzakezu.

 

Eskuragarri duzu aurtengo Gazteak Auzolanean programaren 2022ko deialdi osoa:

Deialdia

 

 

2022ko Deialdia

 

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak