Atzealdea Izan zaitez ziberlagun, eman Like Zibereskubideei!

Haur eta gazteek parte hartu dezakete kanpainan, azaroaren 20tik aurrera zibereskubideekin eta ziberbetebeharrekin loturiko argazkiak igoz.

2018/11/13


Eman Like ZiberEskubideei! Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak sortutako sentsibilizazio-kanpaina da, lurraldeko haur eta gazteei zuzendutakoa, beren zibereskubide eta ziberbetebeharrez ohartarazteko.

Azaroaren 20a, Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna da. Aurten, zibereskubide eta ziberbetebeharretan jarri nahi izan dugu indarra. Gaztea bazara, Sarearen inguruko material interesgarriak aurkituko dituzu: ohar legalei buruzko datuak, joerak…

Izan zaitez ziberlagun!

Webgune honetan sartu eta kanpainan nola parte hartuko duzun erabaki. Bi aukera daude: norbanako gisa (16 urte baino gehiago izan behar dituzu); edo taldean (haurtxoko, gazteleku edo eskolentzat). Izena emateko, dagokion formularioa bete behar duzu.

Hori egin ostean, igo ezazu zure argazkia (irudiak gehienez 5 MB-koa izan beharko du), zibereskubideen ikonoa erantsita, kanpainarekin bat egiten duzula adierazteko. Gelan lanketa egiten duzuen bitartean ateratako argazkia izan daiteke, marrazkia edo zuen zibereskubideen testua bera ere. Azkenik, argazkiak partekatu ditzakezu #likezibereskubideei eta #likezibereskubideak traolak erabiliz.

Baina, ezagutzen al dituzu zeintzuk diren 5 zibereskubideak?

1- Eskubidea dut errespeta nazaten, eta nik ere besteak errespetatzen ditut.

2- Eskubidea dut nire identitatea, isilpeko informazioa eta pribatutasuna babestuak izan daitezen, eta nik ere besteenak babesten ditut.

3- Eskubidea dut Sarean noiz eta nola parte hartu nahi dudan erabakitzeko, eta besteek ere bai. 

4- Eskubidea dut Informazio eta Komunikazio Teknologiak baliatuz, nire bizi kalitatea hobetu eta ingurune horretan giro baketsuaz gozatzeko. Eta besteena ere hobetzen ahaleginduko naiz.

5- Eskubidea dut sarean aske eta seguru sentitzeko, eta besteei ere lagunduko diet hala senti daitezen.

Informazio gehiago: www.kulturadigitala.eus