Atzealdea Kontakturik gabeko mugimendu-jolas eta -dinamika hezigarriei buruzko ikastaroa

Udalekuetako begiraleei COVID19aren garaira egokitutako jolasak antolatzeko tresnak aurkeztuko zaizkie

2021/06/15


 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak antolatutako prestakuntza-eskaintzak (TREBA gazteak) ildo bat du profesionalentzat ere (TREBA profesionalak). Eta horren barruan antolatu da ikastaro hau, oraingoan, administrazioek nahiz astialdiko elkarte eta entitate profesionalek antolatutako udalekuetan arituko den ororentzat.

 

Izan ere, haur eta gazteen lan-eremuan dihardutenek tresnak behar dituzte esku hartzearen bidez beharrei dimentsio pertsonal, sozial zein kulturalean erantzuteko, eta baliabide horiez hornitzen laguntzea da prestakuntza-programa osagarri horren helburua.

 

Ikastaro honen bidez, gutxieneko tarteak gorde behar diren egoera honetan jolasak kudeatzeko erronkari aurre egin, eta emozioak lantzeko gutxieneko baliabide batzuk eskaini nahi dira. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak haurrengan jarduera fisikoa sustatzeko sortu duen material-bilduma ezagutzeko aukera izango da.

 

Prestakuntzan izena ematen dutenen eskura material bat jarriko da, hasi aurretik begiratu beharko dutena. Horren bitartez, adimen emozionala eta abilezia sozialak landuko dira eta, jolasen bidez, udaleku irekietan erabili daitezkeen baliabideak eskaini. Gainera, Covid-19 dela-eta, kontuan izan beharreko orientabideak, estrategiak eta materialak kudeatzeko modua azalduko dira.

 

Saioa ekainaren 21ean izango da, arratsaldeko 19:00etatik 20:30era, online formatuan, eta euskaraz. Eta Leyre Cano izango da hizlaria. Izen-ematea irekita dago eta ekainaren 18an (12:00etan) amaituko da epea.

 

TREBA profesionalak prestakuntzaren barruan eskainitakoen artean, hau da lehen ikastaro irekia, hau da, haur, nerabe eta gazteen aisia hezitzaileko esparruan aritzen diren profesional guztientzat dena.

 

Bestalde, arlo horretako profesionalei eta boluntario aritzen direnei laguntzeko ildo berean, prestakuntzaz gain, Gazteriako Foru Zuzendaritzak atal bat prestatu du bere webgunean, astialdiko ekintzak antolatzeko egin behar den guztiari buruzko informazioa bilduz. Atal horretan, besteak beste, Aldundiari diru-laguntzak eskatzeko edo derrigorrezkoa den jakinarazpena egiteko bideak topatu daitezke, baita bestelako baliabide batzuk ere.

 

Ikastaroaren inguruko informazioa

 

 

 

Jarraitu gure sareak