Kultur proiektuetarako Piztu meta! crowdfunding-aren deialdi berria

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Goteo Fundazioak crowdfunding-ari buruzko online tailer batzuk egingo dituzte herritar guztientzat maiatzaren 25ean eta ekainaren 8an

2022/05/12


Aurreko astean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Goteo Fundazioak Piztu meta! 2022 Crowdfunding programaren zazpigarren deialdia aurkeztu zuten.

Gipuzkoako eragileek garatutako 15 ekimen kultural bultzatzeko programa honek herritarrak proiektu kultural txikietan inplikatzea sustatzen du, mikromezenasgoaren edo crowdfunding-aren bidez. Hau da, herritarrek proiektu horietako bat (edo batzuk) kofinantzatzen dute garatu ahal izateko, finantzaketa masiboan datza. Aldundiak, bere aldetik, eragin ekonomikoa bikoizten du matchfounding eginez: berdindu egiten du crowdfunding-kanpainan kolektiboki lortutako diru-kopurua. Programa osoak 70.000 €-ko aurrekontua du.

Gipuzkoako gizarteko eragileek (partikularrek, erakunde juridikoek, elkarteek, kooperatibek, gizarte-erakundeek) garatutako kultur arloko edozein proiektuk parte har dezake crowdfunding deialdi ireki honetan, goteo.org plataformaren bitartez.

Proposamenen prestakuntza, aholkularitza eta bidalketa-epea 2022ko maiatzaren 5ean hasi zen eta 2022ko ekainaren 23an amaituko da. Ondoren, balorazio-fasea hasiko da, eta irailaren 29an mikromezenasgo- edo crowdfunding-kanpaina hasiko da.

 

Crowdfunding-proiektuen garapenari buruzko tailerrak 

Aldundiak eta Goteok crowdfunding-ari buruzko doako prestakuntza-tailerra antolatu dute online formatuan maiatzaren 25ean eta ekainaren 8an. 16:00etatik 20:00etara izango da eta hainbat formula ezagutuko dira proiektuen kofinantzazioa herritarren artean sustatzeko.

Gainera, tailerrean proiektu bat prestatzen eta crowdfunding kanpaina bat planifikatzen ikasiko da. Helburua kanpainaren ikusgarritasuna eta inpaktua handitzea da, eta arreta berezia jarriko da gizarte-konpromisoan, emaileengan eta banakako sarietan.

Interesa duen edonork parte har dezake tailerrean, nahiz eta oso gomendatuta egon proiektuaren aurkezpena egin nahi dutenentzat.

Aurrerago, irailaren 2an eta 5ean, komunikazioari buruzko tailer bat egingo da, nahitaezkoa eta praktikoa izango da hautatutako proiektuen arduradunentzat. Kasu horretan, helburua izango da parte-hartzaile guztiek gutxieneko finantzaketa lortzeko dituzten aukerak indartzea, eta, horrela, kanpainaren arrakasta handitzea crowdfunding-aldia hasi aurretik, proiektuak kolektiboki finantzatzeko.

«Piztu meta!» programaren aurreko sei deialdietan, Aldundiak Gipuzkoako 90 kultur ekimen/proiektu baino gehiagori lagundu die, guztira 880.000 €-ko ekarpena eginez.

 

 

PIZTU META!-KO WEBGUNEA

 

 

 

Jarraitu gure sareak