Atzealdea

Martxan da Booktuberboom lehiaketaren edizio berria

Eusko Jaurlaritzaren liburutegi zerbitzuak eta Galtzagorri Elkarteak lehiaketaren edizio berri bat antolatu dute, 14-18 urte bitartekoen artean irakurketa sustatzeko helburuarekin.

2020·11·04


Youtuben ibiltzea atsegin duten 14-18 urte bitarteko gazteentzako lehiaketa da Booktuberboom. Parte hartu ahal izateko, liburu bat irakurri, kamera, mugikorra edo tableta hartu, eta liburu horri buruzko iruzkina edo gomendioa grabatu beharko dute gazteek. Ondoren, norberaren Youtube kanalean edo ikastetxeko kanalean argitaratu beharko da, Booktuberboom blogean parte hartzeko orria betetzearekin batera, eta bertan jarri beharko da bideoak Youtuben duen URL helbidea.

 

Lehiaketan parte hartzeko epea azaroaren 25a bitarte izango da, eguerdiko 12:00ak arte. Irakurritako liburua zein grabatutako bideoa euskaraz izan beharko dira eta, gehienez, 3 minutuko iraupena izan beharko du bideoak.

 

Bi motatako sariak banatuko dira: epaimahaiaren sariak eta publikoarena. Epaimahaiaren lehenengo saria bideogintzan jarraitzeko kamera, mikrofonoa eta tripodea izango dira, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200€ko bonoa; epaimahaiaren 2.sariak GoPro kamera eta liburu eta diskotan gastatzeko 100€ko bonoa biltzen ditu; eta, azkenik, publikoaren saria bi lagunentzako abentura-txangoa izango da.

 

Lehiaketari buruzko informazio gehiago jasotzeko: https://booktuberboom.wordpress.com/

 


 

 

Jarraitu gure sareak