Martxan da Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko udako kanpaina

Aurtengo udan, guztira, 1.435 plaza eskainiko dira Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programetan, eta martxoaren 29ra arte izango dute izena emateko aukera Gipuzkoako haur eta gazteek

2022/03/21


Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko Haur eta Gazteen Zuzendaritza Nagusiak aurten ere antolatu ditu bere udako ekintzen programak. Udalekuak eta Gazte Oporraldiak ezagunak dira jada, baina kanpaina horiez gain, Aldundiak hainbat baliabidea jartzen ditu udako astialdiko ekintzen erabiltzaileen eta antolatzaileen eskura: besteak beste, Udabizi plataforma eta haur, nerabe eta gazteen sustapenerako dirulaguntzak.

 

Udalekuak eta Gazte Oporraldiak   

Uda honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak guztira 1.435 plaza eskainiko dizkie Gipuzkoako haur eta gazteei: 1.050 plaza Udalekuak programarekin, 7-13 urteko haurrentzat (2009-2015 urte bitartean jaiotakoentzat) eta 385 plaza Gazte Oporraldietan 14-17 urteko gazteentzat (2005-2008 urteen bitartean jaiotakoak). Plaza horien % 5 hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonentzat izango dira.

Aurten, bi programek Covid19aren ondorioz galdutako plazak berreskuratu dituzte. Iaz, 1.075 plaza izan ziren guztira: 785 Udalekuetan eta 347 Gazte Oporraldietan. 2020an, ordea, programak bertan behera utzi behar izan ziren pandemiagatik.

Gai jakin batzuen inguruan antolatzen diren egonaldi hauen helburu nagusia da Gipuzkoako haur eta gazteei beren astialdia modu aberasgarrian igarotzen laguntzea. Aisialdi hezigarria sustatzea, autonomia eta bizikidetza bultzatzea, ingurune bakoitzeko ohiturak eta kultura-baliabideak ezagutzea edota aisialdiko jardueretako komunikazioetan euskara indartzea dira, besteak beste, udalekuen beste helburuak.

Udalekuak programa hiru foru-aldundiek elkarrekin antolatzen dute eta, beraz, Gipuzkoako haurrek Arabako eta Bizkaikoekin batera biziko dute esperientzia. Gazte Oporraldiak, berriz, Extremadura, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Madrid eta Aragoiko autonomia-erkidegoekin, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Arabako Foru Aldundiarekin koordinatzen direnez, egonaldi batzuetan, parte-hartzaileek leku horietako gazteak ezagutzeko aukera izango dute.

Aurtengo esperientziak uztailaren 1ean hasiko dira eta uztailaren 29an amaituko dira Udalekuak eta abuztuaren 7an Gazte oporraldiak. Izan ere, haurren egonaldi guztiak 7 egunekoak izango dira, baina gazteenak 7, 10, 11 edo 12 egunekoak izan daitezke. Hizkuntzari dagokionez, Udalekuetako txanda euskaraz izango dira eta beste batzuk ele bitan; eta Gazte Oporraldietan, berriz, batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz.

Nolanahi ere, txanda laburragoak edo luzeagoak izan, euskaraz zein ele bitan, leku batean naiz bestean, guztietan mota ezberdinetako ekintzez osaturiko programazioa izango da, hau da, ekintza hezigarriak, esperientzia aberasgarriak, aisialdikoak, kirolak, kultur bidaiak eta taldeko ekintzak.

Izena bakarka edo gehienez ere hiru laguneko taldetan eman daiteke, martxoaren 21etik 29ra. Internet bidez, Udako Programen Bulegoan, edo kanpainan parte hartzen duten udal-bulegoetan.

Informazio guztia hemen:            

Udalekuen webgunea  (7-13 urte)                      

 

         
Gazte oporraldien webgunea (14-17 urte)

 

 

UDABIZI: udako astialdiko eskaintzaren bilatzailea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak UDABIZI bilatzailearen garrantzia azpimarratu nahi du; izan ere, aurreko urtean ia 7.000 bisita jaso zituen. Datu-base horretan biltzen dira Gipuzkoako elkarte, erakunde eta entitate desberdinek antolatutako udako astialdi-eskaintzak (udaleku itxi eta irekiak, kanpamentuak, ikastaroak, etab.) eta baita arlo horretako lan-eskaintzak ere.

Gipuzkoako familia eta nerabe askok tresna horretan topatzen dituzte udan zehar astialdiaren alorrean egin ahal izango dituzten ekintza interesgarriak, batez ere Aldundiko udaleku eta gazte oporraldien zozketaren ondoren.

Ez hori bakarrik, gazte askok Udabizi bilatzailea kontsultatzen dute udan begirale eta zuzendari lanetan aritzeko, praktikak egiteko, etab.. Horientzat ere tresna oso baliagarria da; kontuan hartu behar da Gipuzkoan aisia hezitzailearen arloan mugimendu handia dagoela: lurraldeko gazte asko dira urtero udan astialdiko ekintzetan lan egiten dutenak.

 

Haur, nerabe eta gazteen sustapen-alorreko dirulaguntzak

Bestalde, duela egun batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiak haur, nerabe eta gazteen sustapen alorrerako ematen dituen dirulaguntzen oinarri eta deialdiak argitaratu ditu. Dirulaguntza horien helburuetako bat da, hain zuzen ere, lurraldeko elkarte eta erakundeei aisia hezitzailearen arloan laguntzea.

Zehazki, apirilaren 8ra arte honako laguntza-lerro hauetan egin daitezke eskabideak:

A. Udalekuak eta kanpaldiak antolatzeko dirulaguntzak.

B. Aisialdi Eskolen urteko jarduera programa gauzatzea eta antolaketa egitura mantentzea.

C. Udalez gaindiko elkarteen antolaketa-egiturari eustea haurren eta/edo gazteen sustapenaren arloan.

 

Deialdia

 

 

Jarraitu gure sareak