Atzealdea Otsailak 11, Zientziaren arloko Nesken eta Emakumeen Nazioarteko Eguna

Gipuzkoako Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak bat egiten du egunarekin, dauden aurreiritziak baztertu, eta emakumeek zientziaren alorrean duten garrantzia aldarrikatzeko asmoz.

2019/02/08


Datorren otsailaren 11n, laugarren aldiz ospatuko da Zientziaren arloko Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna, Nazio Batuen Erakundeak 2015eko abenduaren 15ean hala erabakita, historian zehar izandako emakume zientzialari ezberdinen lan ikusezina goraipatzeko, eta baita emakumeek gaur egunean eremu honetan duten garrantzia aldarrikatzeko ere.

Gipuzkoako Aldundiko Gazteria Zuzendaritzan aukera hau aprobetxatu nahi dugu gogorarazteko, nahiz eta azken urteotan zientziaren arloan emakumearen presentzia gehiago nabarmendu, hura oraindik eskasa dela gizonezkoekin alderatuta. Eta ezberdintze horiek ekiditeko, ezinbestekoa da gure gazteekin lan egitea, estereotipoak saihesten dituzten ekintzak sustatuz; zientzia, gizarteko beste arloetan egiten ari den bezala, berdintasun-printzipioetara hurbilduz. Izan ere, oraindik ere adibidez, ikasketak aukeratzeko garaian, badute genero-rol tradizioek eragin handia. Horixe izan zen iaz Deustuko Unibertsitateko ikasle ezberdinei eginiko elkarrizketa batean ateratako ondorioetako bat.

Azkenik, hona ekartzen dugu Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eginiko ikus-entzunezkoa, neskek eta emakumeek zientzietan egiten duten lanari protagonismoa eman nahi diona.