Atzealdea Gazteak Auzolanean: Pelusa proiektuaren balorazio positiboa

Azkeneko hilabetetan gauzatu da egitasmoa eta emakumeak sexu-arloan ahalduntzeko helburua izan du

2020/02/10


“Pelusak esanahi asko ditu: iraultza, segurtasuna, jabetza, ezagutza, aldaketa, sarea… Pelusa mugimendu bat da”. Halaxe dio Gazteak Auzolanean laguntzaren bidez garatu den Pelusa proiektuaren lemak.

Ideia bat zuten eta errealitate bihurtu dute. Sara Viglione, Sara Odriozola, Clara Bergareche, Leyre Jauregui e Irati Rodriguezek osatzen dute Pelusa taldea. Azken hilabete hauetan, emakumeen sexualitatea eta orgasmoa gizarteratu eta agerian jartzeko sentsibilizazio-kanpainak burutu dituzte Tolosan eta Donostian, eta baita webgune bat sortu ere (www.pelusapelusa.com/), proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

Kanpainaren baitan, esperimentu sozialak, erakusketak eta mahai-inguruak antolatu dituzte, prozesu guztian zehar aditu ezberdinen aholkularitza eta lankidetza jasoz: Maite Higuero, sexologoa, edota Berexiart, Arramazka eta Elena Tamayo, artistak, besteak beste.

Oro har, burututako kanpaina horietatik konforme atera dira Pelusakoak. Esate baterako, sei maniki ipini zituzten kalean, hurbiltzen ziren emakumeak bertan idatzi edo pintatu ahal izateko, eta burututako esperimentu sozialaz halaxe diote: “Bertatik igarotzen zen jende guztiak parte hartzen ez zuen arren, ekintzak jakin-mina piztu zuen eta askok argazkiak edo bideoak atera zituzten. Maiz etortzen zitzaizkigun proiektuari buruz galdezka, margotu nahi ez zuten arren oso interesgarria iruditzen zitzaielako. Bestalde, parte-hartzaile gehienak emakumezkoak izan arren, gizonak ere hurbildu ziren eta horrek beste ikuspegi bat eman zion gaiari”.

Bestalde, alor ekonomikoaz gain, taldeak ondo baloratzen du Aldundiak ibilbide honetan betetako funtzioa: “Hasiera-hasieratik udaletako langile eta teknikariekin harremanetan jarri ziren gure ekimenaren berri emateko, eta horrek bidea asko errazten dizu”.

Pelusa egitasmoa hobeto ezagutu nahi baduzu, taldeak prestatutako bideo hau ikustea gomendatzen dizugu.