Atzealdea Politika gertutik ezagutzen ari dira Gipuzkoako 600 gazte, Europaren Youth Empowerment programaren eskutik

Ikasle eta erakundetako arduradun politiko eta teknikoen arteko topaketak egiten ari da Aldundia, lurraldeko 10 ikastetxe eta lanbide-heziketako zentroetan

2019/10/29


17 eta 23 urte bitarteko 600 gazte gipuzkoar inguru politikara eta arduradun politikoengana gerturatuko dira datozen hilabeteotan, Gipuzkoako Foru Aldundia Europar Batasunaren Erasmus+ programaren barruan garatzen ari den Youth Empowerment ekimenaren bitartez.

HELBURUA

Ekimenaren helburua da gazteriaren partaidetza sustatzea, eskubide osoko herritar izateko. Aldi berean, politikariekin eta erabakiak hartzeko arduradunekin interakzioa, harremana eta ekimenak partekatzea sustatu nahi da.

WORKSHOP

Hori horrela, 10 youthworkshop edo mintegi antolatu dira lurraldeko 10 ikastetxe eta lanbide-heziketako zentrotan, eta bertan udal-arloko eta Aldundiko teknikari eta politikariak ari dira parte hartzen, Europar gaietan aditu diren pertsonekin batera.

Saio bakoitzak 3 ordu inguru irauten du, eta mahai gainean jartzen diren gaiak dira Europar Batasuneko erakundeen jarduera, partaidetzazko demokraziari buruzko informazioa, eta lurralde mailako eta tokiko administrazioek dituzten eskumenak eta egiten duten lana.

Lehen zatian, prestakuntza teorikoa ematen zaizkie gazteei, saioaren bigarren zatirako prestatzeko.

Bigarren bloke honetan, giza liburutegiaren metodologia aplikatzen da: administrazio publikoetako ordezkariak giza liburu bihurtzen dira, eta beraien erakundearen aurkezpena egin ostean, irakurleen (mintegian parte hartzen ari diren gazteen) galderak erantzun beharko dituzte.

Mintegi bakoitzaren amaieran arduradun politikoek eta ikasleek eztabaidatu dutenarekin agiri bat osatzen da, eta ondoren saio bakoitzean ordezkaritza bat hautatzen da.

Workshop guztien artean hautatutako gazteek, guztira 40 inguru, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo den bigarren jardunaldi batean hartuko dute parte, eta partaidetza anitza izango da: ikasleak, udal-arduradunak, ikastetxetako langileak, Aldundiko ordezkariak, batzarkideak, eurodiputatuak, gazte erakundeak eta Europako gaietan adituak.

Saio horretan, gazteek YouthWorkshop bakoitzean atera dituzten ondorioak beraien ordezkariei helaraziko dizkiete, eta ekitaldian parte-hartzaileen arteko eztabaida eta elkarrizketa sustatuko dira.

 

Iturria: GIPUZKOA.EUS