Atzealdea Online Youth Work LIVE Q&A FACEBOOK DYW Topaketaren ondorioak

Topaketa birtualean 320 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten, tartean Gipuzkoako zerbitzuetako profesionalek.

2020/04/01


COVID-19ak sortutako egoera berezi honen aurrean, Europako gazteria-arloko hainbat profesionalek topaketa birtual bat antolatu zuten martxoaren 26an Facebook plataforman. Bertan, galdera-erantzunen bitartez, ezagutzera eman ziren egungo egoeran leku ezberdinetan egiten ari diren sustapen birtualeko zenbait esperientzia eta, bide batez, sustapen digitalari buruzko hausnarketa egin zen.

Topaketatik haur, nerabe eta gazteekin sustapen digitala egiteko ateratako puntu nagusiak

  • Profesionalen jarrera tresnak baino garrantzitsuagoa da, tresnak eskuratzen eta erabiltzen aurrerago eta beharraren arabera ikas baitaiteke.
     
  • Ez da teknologia berrietan aditua izan behar sustapen digitala egiteko. Gazteak ez dira hainbeste aldatu, eta hori da gure lanaren funtsa, kasu egiten dien norbaitekin egon nahi dute.
     
  • Gazteen artean hedatuenak diren plataformak aztertu behar ditugu, ahalik eta gazte gehienengana iritsi nahi baitugu.
     
  • Oso zaila da baldintza guztiak betetzen dituen aplikazioa topatzea, denek dute eragozpenen bat. Publikoak eta kode irekia dutenak erabiltzea komeni da, baina ez dira hain ugariak. Gainerakoak pribatuak dira eta datuak saltzen dituzte. Dohainik bada, zu zara produktua (zure datuak). Bestalde, ez dago sustapen digitala egiteko app bakarra, hainbat erabili beharko dira, ezberdinak probatu eta egokienak aukeratu.
     
  • Nerabe eta gazteekin on line konektatu eta hitz egiteko, plataforma ugari daude aholkularitza birtuala baimentzen dutenak. Egun hauetan horrelako aplikazio asko saturatuta daude, pertsona ugarik erabiltzen dituztelako.
     
  • Baldintza legalak kontuan hartu behar ditugu. Haurrak eta nerabeak erabili ezin dituzten tresnak erabiltzen ari dira; legez kanpo ari dira, eta horren aurrean guk zer jarrera hartu erabaki behar dugu.
     
  • Talde handiak ez dira beti aproposak, talde txikitan banatzea aukera hobea izan daiteke.
     
  • Gazteei nola sentitzen diren galdetu behar diegu, atera gabe eta mugitu gabe, kontaktu fisikorik gabe. Oso komenigarria da gazteekin konferentziak egitea, askoz zuzenagoa eta eraginkorragoa baita.
     
  • Gure plataformetan zerbitzutik kanpoko pertsonak sar daitezkeela kontuan hartu behar dugu, eta hau nola kudeatuko dugun erabaki.
     
  • Orain arte ingurune birtualean inoiz aritu ez bagara, gazteengana nola irits gaitezkeen jakin behar dugu. Lehenik gu ere sarean gaudela jakin behar dute. Eskolen bitartez zabal daiteke zerbitzuei buruzko informazioa, gazteek jakiteko oraindik zabalik daudela. Gero, gazteek erabaki beharko dute gurekin harremanetan jarri nahi duten. Plataforma irekiak ere erabil ditzakegu ezagutzera emateko, baina kanpoko pertsonak gertura daitezke.
     
  • Hainbat lekutan gazteleku birtualak sortzen ari dira, edo lehen martxan zeudenak berreskuratzen.
     
  • Argi bereizi behar dira hezitzaileen profil pribatuak eta profesionalak. Kontuz zer erakusten dugun etxetik lan egiten dugunean (lokalizazioa, atzean ikusten dena,…)!
     
  • Garrantzitsua da plangintza bat egitea eta lana noraino egingo den erabakitzea. Noiz arte erantzungo den erabaki behar da, eta gazteei hau jakinarazi. Egia da sare sozial batzuek ez dutela bi profil izateko aukera ematen eta, kasu horietan, zerbitzurako bat egingo dugu. Ahal den neurrian zerbitzuko baliabideak erabiliko ditugu eta, profil pertsonalez gain, profil profesionalak sortuko ditugu.
     
  • Egin beharreko lana bera da, agertokia da aldatu dena.

 

Aipatutako baliabide berriak

Europa mailako profesionalen arteko topaketan aipatutako hainbat plataforma erabilgarriak izan daitezke gure lanean:

  • Twitch.tv : jolasei buruzko saioak ikusi eta komentatzeko webgunea.
  • Zoom.us : on line elkarrizketak egiteko aplikazioa.
  • Jitsi.org : on line elkarrizketak egiteko aplikazioa.
  • discordapp.com  :elkarrekin hitz egiteko aplikazioa, berez bideo-jokoetan komunikatzeko sortua.
  • Facebook bideo-deiak: facebook-en txat edo messenger-ak badu bideo-deia egiteko aukera ere.
  • Brian the Onion jolasa
  • Roblox.com : bideo-jolas propioak sortzeko webgunea.
  • www.filmedonstage.com : musikalak on line ikusi eta komentatzeko webgunea. Berez ordaindu egin behar bada ere, itxialdia dela-eta, dohainik ikus daitezke hainbat, eta 7 eguneko proba ere badago.

Haur, nerabe eta gazteen SUSTAPEN BIRTUALEKO URRATSAK [PDF]