Atzealdea TREBA gazteak: Gazteria Zuzendaritzak antolatutako prestakuntza-eskaintza

Emantzipazio, garapen eta hazkuntza pertsonaleko eta kolektiboko prozesuak sortu eta finkatuko dira programa honen bitartez

2021/03/04


 

 

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute Harkaitz Millan Kultura eta Gazteria diputatuak eta Isaac Palencia Gazteria Foru zuzendariak “TREBA gazteak” programa. Gipuzkoako gazte bakoitzaren balizko hezkuntza-hutsuneak bete nahi ditu; izan ere, askotan, hezkuntza formaleko prestakuntza-ibilbidea egin ondoren, gazteek beraiek aitortzen dute bizitzan moldatzeko oinarrizko gaitasunetan gabezia edo hutsune nabarmenak dituztela.

 

Trebaren prestakuntza-eskaintza diseinatzeko lau focus group egin dira, profil desberdinetako Gipuzkoako gazteekin. 54 gaztek hartu dute parte guztira prozesuan, eta beraien ekarpenak erabili dira programaren eskaintza diseinatzeko.

 

Ikastaro hauen bidez gazteak ahalduntzea lortu nahi da, hezkuntza psiko-emozionalean, parte-hartze politikoan, gaitasun ekonomikoan eta gizarte- eta komunitate-ekimenean lan eginez. Prestakuntza hori gazteen emantzipazioko, garapeneko eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortzera eta finkatzera bideratuko dela adierazi du Isaac Palencia Gazteria Foru zuzendariak.

 

Programan emango diren eduki guztiak garrantzitsuak izango dira prestakuntza jasotzen dutenen garapen profesionalerako. Dena den, profesionalizazio-prozesuaren aurreko edota aldi bereko fasean jarriko da batez ere arreta.

 

Ikasturte honi dagokionez, 3 ikastaroko eskaintza diseinatu da ekainera bitartean. Ikastaroak Anoetako Gaztegunen (Donostia) izango dira hasiera batean, baina aurrerago ez da Lurraldeko beste toki batzuetara eramatea baztertzen, Gaztematika Sareko kide diren udalekin lankidetzan.

 

Informazio gehiago

 

 

 

Jarraitu gure sareak